Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Condé-ko printzea, Luis Josef Borboikoa

Frantses militarra (Paris, 1736 - Paris, 1818). Zazpi Urteko Gerran hartu zuen parte. Berrikuntzak bultzatu zituen 1787ko Handikien Biltzarrean. Hurrengo urtean, alabaina, Hirugarren Estatuaren bikoiztearen aurka agertu zen eta 1789ko uztailaren 14koaren ondoren Holandara, Turin-a eta Worms-a erbesteratu zen. 1792. urtean errepublikaren aurkako armada eratu zuen, l´armée de Condé delakoa. Alsazian aritu ondoren, Errusiara jo zuen 1797an Campoformioko ituna izenpetutakoan (Bonapartek eta Cobenzl diplomatiko austriarrak izenpetua, Frantzia, Belgika, Rhin ibaiaren ezkerraldeko lurrak eta joniar uharteak utzi eta Alpeez haraindiko errepublika onartu behar zituen Austriak itun horren arabera. Horren ordainetan Venezia, Istria eta Dalmazia hartu zituen). Lunévilleko bakeak berretsi zuen itun hau (1801) eta Condé-k utzi egin behar izan zuen armada. Ingalaterran hartu zuen egoitza baina Frantziara itzuli zen berriro erregetza jarri zen garaian.