Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Clinton, Hillary

Estatubatuar politikaria (Chicago, Illinois, 1947). Estatu Batuetako estatu idazkaria da. New Yorkeko senatari izan zen, eta Alderdi Demokratako hautagaitzarako aurkeztu zuen bere burua 2008ko lehendakaritzarako hauteskundeetan. Estatu Batuetako 42. lehendakari Bill Clintonekin ezkonduta dago eta Estatu Batuetako lehen dama izan zen 1993-2001 bitartean.  v  Hillary Rodham Clintonek zuzenbide ikasketak egin zituen Yaleko unibertsitatean. 1974an, Arkansasera joan zen eta zuzenbide irakasle izan zen estatuko unibertsitatean. 1975ean, gerora Estatu Batuetako lehendakari izango zen Bill Clintonekin ezkondu zen. 1977an, legelari langela ireki zuen eta 1992 arte jardun zuen bertan, patenteen eta jabetza intelektualaren eskubideen urraketan espezializatua. Estatu Batuetako eragin handieneko legelarietako bat izan zen urte haietan. 1992an, Estatu Batuetako lehendakari karguaren zina egin ondoren, Bill Clintonek osasunaren erreforma bideratzeko batzorde berezi baten ardura eman zion, baina batzordea bertan behera gelditu zen 1994an, helbururik bete gabe. 1997an, Haurtzaroaren gaineko Legea eta Osasun Aseguruaren Programa ezartzen lagundu zuen. 2000an, New Yorkeko senatari hautatu zuten. 2003an, Estatu Batuetako lehen dama eta senatari gisa izandako bizitzari buruzko autobiografia argitaratu zuen: Living History. 2007an, bere burua aurkeztu zuen Alderdi Demokrataren hautagaitzarako lehian, eta Estatu Batuetako lehen emakumezko lehendakaria izateko asmoa iragarri zuen. Azkenean, Alderdi Demokratako beste hautagaiak, Barack Obamak, irabazi zuen lehia. 2008ko abenduan, Estatu Batuetako 44. lehendakari hautatu berriak, Barack Obamak, gobernuko estatu idazkari izendatu zuen Clinton.