Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Clinton, Bill

(Jaiotza izena, William Jefferson Blythe). Estatu Batuetako lehendakaria 1992-2000 urte bitartean (Hope, Arkansas, 1946). Zuzenbide ikasketak egin zituen eta irakasle izan zen (1973-1976) Arkansasen. 1974an egin zuen lehen ahalegina politikaren alorrean, Kongresurako hauteskundeetara aurkeztu baitzen eta, galtzaile atera bazen ere, boto kopuru dezentea bildu zuen Alderdi Demokratarentzat. 1976an, Clinton berriro hauteskundeetara aurkeztu zen eta ordukoan Arkansasko Fiskal Nagusi atera zen. Handik bi urtera Arkansasko gobernadore hautatu zuten, eta kargu horretan egon zen hainbat urtez. 1992ko Lehendakaritzarako hauteskundeetan Alderdi Demokrataren hautagai izatea lortu ondoren, hiru zutabetan oinarritu zuen hauteskunde kanpaina: ekonomia krisialditik ateratzeko plan bat, erdi mailako gizarte klaseari zergak gutxitzea eta osasun segurantza moduko bat ezartzea. Hauteskundeetan Clintonek botoen % 43 eskuratu zituen, Bushek % 38 eta Perotek % 19. Agintera igo eta berehala, ia 500.000 milioi dolar eskatu zituen zerga igoeretan eta gastu gutxitzeetan eta Kongresuak ia guztia onartu zion. Agintaldi hartan onartu zen, orobat, Estatu Batuak, Kanada eta Mexikoren arteko NAFTA edo merkatu batua. Osasun sistemaren erreforma, ordea, atzera bota zioten. Kanpo arazoen eremuan, israeldarren eta palestinarren arteko bake prozesua bultzatu zuen. Balkanetara, berriz, 20.000 soldadu igorri zituen, nazioarteko indar gehiagorekin, bakeak egitera. 1996ko hauteskundeak aurrekoak baino errazago irabazi zituen Clintonek, botoen % 49 eskuratu baitzituen. Kanpo arazoetan, Errusiako presidentea, Boris Eltsin, sobietar blokeko kide izandako hiru estatu NATOn sar zitezen konbentzitu zuen. Baina Clintonen bigarren agintaldi hau markatu zuen gertaera nagusia sexu eskandalu bat izan zen. Monica Lewinsky izeneko Etxe Zuriko bekadun ohi batekin sexu harremanak izana egotzi zioten, eta Clintonek ukatu egin zuen, zinpean. Baina Kenneth Starr fiskalak Lewinsky deitu zuen deklaratzera, eta honek harremanak aitortu ondoren, Clintonek ez zuela egia esan onartu behar izan zuen. Hala, 1998ko abenduaren 19an, auzia sartu zioten lehendakariari zin faltsua egiteagatik eta justiziari oztopoak jartzeagatik, baina Senatura eraman zenean kasua bertan behera geratu zen.