Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Castro Ruz, Fidel

Kubako iraultzaile eta politikaria (Mayari, 1927). Zuzenbide ikasketak egin zituen. Ikasle zela, huts egin zuen Trujillo diktadorearen aurkako kolpe batean hartu zuen esku Santo Domingon. 1953ko uztailaren 26an Moncadako kuartela hartu zuen, hiru komandorekin batera; preso hartu eta 15 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. 1955ean amnistiatu zuten eta Kuba utzi eta Grupo 26 de Julio talde iraultzailea osatu zuen Mexikon. 1956an Kubara itzuli eta gerrillari ekin zion Sierra Maestrako mendietan, Kuba osoa gerrillaren mende geratu zen arte. Batistaren gobernuak Estatu Batuetara alde egin zuen, eta lehen gobernu iraultzailea osatu zuen Fidel Castrok. 1960ko irailaren 2an, Kubaren erabateko independentzia eta burujabetza aldarrikatu zituen, Estatu Batuen agintearen aurka eta, hitzarmen militarra hautsi ondoren, herri sozialistekiko harremanak iragarri zituen. 1961eko apirilaren 14an, Estatu Batuetako lehendakari John F. Kennedyk erabaki bezala, iraultzaren aurkako osteak lehorreratu ziren Kuban (Bahía de Cochinos); ahalegin honek porrot egin zuen eta Fidel Castroren irudia sendotu egin zen munduan. Estatu Batuek Kubaren aurkako boikota deliberatu zuten eta uharteak, bakarturik eta Latinoamerikako beste herri guztietatik berex, herri sozialistekiko loturak sendotu zituen. 1987tik aurrera Sobietar Batasunean politika aldaketak hasi zirenetik, arazoak pilatu zaizkio Castrori eta bere gobernuari. Sobietar erregimenaren gainbeherak ondorio larriak ekarri zizkion Kubari, babes ekonomiko-politikorik gabe geratu baitzen; 1991. urteaz gero Kuba ekonomia kolapsora iristeko zorian dago. 1990ean, Kubako Iraultzaren 37. urteurrenean, Europa Ekialdeko aldaketak gorabehera, Kubak komunista izaten jarraituko zuela adierazi zuen. “Balseroen krisia” deritzana gertatu zenean ordea, 1994. urtean, Kubako ekonomia krisi larriari irtenbideren bat emateko premia larria plazaratu zen berriz ere. 1998. Joan Paulo II. Aita Santua bisitan joan zen Kubara, eta Castroren ospeak gora egin zuen; 2000. urtean berriz ere Castroren eta Floridako erbesteratuen artean istilu larriak izan ziren, Elián González haur balseroaren babesa zela eta; Estatu Batuetako justiziaren laguntzaz, haurraren aitak guraso agintea lortu zuen, eta aita-semeak, Castrok nahi bezala, uhartera itzuli ziren.