Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Candra Gupta. (Candragupta, Chandra Gupta

edo Chandragupta). Indiako Magadha-ko hiru buruzagiren izena. v Candra Gupta (Maurya ere deitua). Indiako lehen enperadorea, Maurya dinastiaren sortzailea. K.a. 321etik 297ra izan zen enperadore. Punjaben egokitu ziren Mazedoniako osteak egotzi zituen eta Megasthenes ordezkari greziarra bere gortean hartu zuen. Indiako zatirik handiena administrazio bakar batean bildu zuen lehen enperadorea izan zen. Tradizioaren arabera, herria ustelkeriatik eta atzerritarren mendekotasunetik askatu nahian, bere burua goseak hiltzen utzi zuen, jainisten modura. v Candra Gupta I.a. Indiako erregea. Gupta dinastia sortu zuen. 320tik 330era izan zen errege. v Candra Gupta II.a (Vikramaditya ere deitua). 380tik 415era izan zen errege. Indiako iparraldeko enperadore ahaltsua zen Samudra Guptaren semea eta Candra Gupta I.aren iloba. Bere erreinaldian arkitekturak eta eskulturak aurreramendu handia egin zuten, eta antzinako Indiako kultura bere gorenera iritsi zen.