Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Campión Jaime-Bon, Arturo

Idazle, politikari, filologo eta gramatikari euskalduna (Iruñea, 1854 - Iruñea, 1937). 22 urterekin amaitu zituen Zuzenbide ikasketak Madrilen eta urte berean argitaratu zuen Consideraciones acerca de la cuestión foral y los carlistas de Navarra, foruen aldeko obra. Urte haietan jarri zen harremanetan Antoine d´Abbadierekin, Duvoisinekin, Bonaparte Printzearekin, Jean Jaurgainekin eta beste hainbat euskal jakintsurekin, eta Asociación Euskara de Navarra elkartearen sorkuntzan parte hartu zuen (1878). Euskara ikasi zuen eta euskarari buruzko ikerlanetan hasi zen. 26 urte zituela hainbat euskalkitara bihurtu zen Orreaga balada idatzi zuen, 1883an Ensayo acerca de las leyes fonéticas de la lengua Eúskara obra ondu zuen eta 1884an Gramática Bascongada de los cuatro dialectos literarios de la lengua eúskara obra handia plazaratu. Literatura ere landu zuen: euskal historian eta ingurunean girotu zituen erdaraz eginiko kontakizun laburrak eta eleberriak (Euskariana. Fantasía y realidad, kontakizun laburren bilduma; 1881etik aurrera idatziak dira eta 1890etik aurrera argitaratuak; Don García Almoravid eleberria, 1889; Blancos y Negros, arrakasta handia izan zuen eleberria, 1899; La Bella Easo eleberria, 1909).  v  Kristautasunak, foruzaletasunak eta Nafarroarekiko eta Euskal Herriarekiko atxikimendu hertsiak moldaturiko gizona izan zen; politikan egonezin eta alderdien aurrean uzkur agertu zen beti —eztabaida ugari izan zituen alderdi guztiekin—; hala ere, 1893an Madrilgo Gorteetako diputatu aukeratu zuten, Nafarroako hautagai zerrenda integristan aurkeztu ondoren. 1894tik aurrera, ezin konta ahala liburu, artikulu, hitzaldi eta txosten prestatu zituen Nafarroa eta Euskal Herriko historia, literatura, hizkuntza eta politikari buruz. 1904an Euskaltzaleen Biltzarra elkarteak Irunen egin zuen bilkura nagusiko buru izan zen. 1910. urtean hasi zen Orígenes del Pueblo Euskaldun obra prestatzen (1926an argitaratu zuen lehen liburukia); 1914an ordura arteko Nafarroako historia ikerketak astindu zituen Nabarra en su vida histórica lana argitaratu zuen Geografía del País Vasco-Navarro obraren barnean. 1918an, 63 urte zituela, bere literatura lan preziatuenak bilduz, Euskariana. Fantasía y realidad saileko kontakizun laburrak plazaratu zituen. Kontakizun hauek (El Bardo de Izalzu, Pedro Mari, La Flor de Garralde, Sancho Garcés, Gratxina, Yan Pier Bidart, Una noche en Zugarramurdi…) euskarara eta beste hizkuntza batzuetara itzuli dira. Urte berean, Oñatiko Biltzarrean sortu zen Eusko Ikaskuntzako Ohorezko Lehendakari izendatu zuten. 1923an, historia ikerketak biltzen zituen Euskariana liburuki berri bat argitaratu zuen; 1931n Orígenes del Pueblo Euskaldun obraren bigarren liburukia eta 1936an hamabigarren Euskariana eta bukatu gabe utziko zuen Orígenes del Pueblo Euskaldun lanaren hirugarren liburukia.   v  Arturo Campión, Nafarroak eman duen historialari zorrotz eta euskaralari garrantzizkoenetakoa (euskaltzaina izan zen, Euskaltzaindiaren sortzetik), Iruñean hil zen, 83 urte zituela, 1937ko irailaren 5ean, 1936ko gerraren eraginak ikusi ondoren eta isiltasun handienean. Argitaratu gabe utzi zituen, besteak beste, euskal literaturari buruzko obra bat eta La Monja izeneko eleberria.