Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Byron, George Gordon (Lord)

Poeta ingelesa (Londres, 1788 - Missolonghi, 1824). Normandiako antzinako leinu batean sortu zen. Hiru urte zituenean aita hil zitzaion eta Eskozian hezi zen kalbinista giro hertsian. Ikasketak Harrow-n eta Cambridgen egin zituen (1801-1808). Lehen poema liburuak, Hours of idleness (Alferkeria orduak, 1807) harrera txarra izan zuen kritikarien artean. Berak satira modura eman zuen erantzunak, English Bards and Scotch Reviewers (Ingeles bardoak eta Eskoziako kritikoak, 1809), entzute handia ekarri zion. Adin nagusira iristean, Lorden Ganberan familiaz zegokion tokia hartu zuen (1809). Ondoren, bidaiatzen hasi zen eta Espainia, Portugal, Grezia eta Turkia ezagutu zituen; itzultzean bere lehen lan bikainaren aurreneko zatia argitaratu zuen: Childe Harold’s Pilgrimage (Harold umearen pelegrinazioa, 1812); han agertzen den heroia, izpiritu iraultzailetzat hartua, Byronen irudia besterik ez da. Gero, exotismoz beteriko poema liburuetan Byronen eleberri erromantikoa gorpuztu zen: The Giaour (1813), The Bride of Abydos (Abydosen emaztea, 1813), The corsair (1814), Lara (1814), Hebrew Melodies (Judutar melodiak, 1815). The Siege of Corinth (Korintoko setioa, 1816). Emazteagandik banatzean (1816), lanean intzestua egin zuela aitortu izana Parisina lanean eta ondorengo zenbait idatzitan erakutsi zuen abertzaletasun eskasa aski izan zituen aristokraziaren haserrea bereganatzeko. Ingalaterratik ihes eginik, Shelley ezagutu zuen Suitzan, eta han idatzi zuen The Prisoner of Chillon (Chillongo presoa, 1816). Italiara jo zuen gero eta han bizimodu lasaia egin zuen; ia Italia osoa ibili ondoren —Erroman, Ferraran, Ravenan, Bolonian, Pisan, Genovan ibilita— Venezian hiru urtez geratu zen. Italiako irri generoaren ildotik Beppo (1818) eta Don Juan, an Epic Satir (Don Juan, epika satiriko bat, 1819-1824) obra satirikoak ondu zituen. Ravenan zegoela carbonari-en konspirazioetan esku hartu zuen. 1821ean hiru drama erromantiko egin zituen: Marino Faliero, The two Foscari eta Sardanapalus. Garai bertsuko beste zenbait obra: Cain (1821), Heaven and Earth (Zerua eta Lurra, 1823) eta Werner (1823). Leigh Huntekin batera The Liberal aldizkaria sortu zuen (1822-1823). Azken urte honetan, Greziara bidaiatu zuen herrialde hari Turkiaren aurkako askapen borrokan laguntzeko asmoz. Izurrite baten ondorioz hil zen Missolonghiko setioan.  v  Bere garaikideek miretsi zuten arren, gorabehera handiak ditu Byronen obrak. Oso eragin handia izan zuen Europa osoko erromantizismoan, bai literaturan, bai moral eta politikan.