Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bosch, Jeronimo

Flandestar pintorea eta grabatzailea (‘s Hertogenbosch, 1450 inguruan - Hertogenbosch, 1516). Pintore familia batean sortu zen, eta haren bizitzaz gauza gutxi jakin arren, sorterritik ez bide zen mugitu; deitura herriaren izenetik datorkio. Boschen jardunaren lehen lekukotzak 1480koak dira; laster bihurtu zen entzute handiko pintore. Berrogeiren bat koadro eta beste hainbeste marrazki ezagutzen zaizkio. Filipe II.ak haren obra asko erosi zituen, eta horregatik pintore honen koadro asko ikusgai daude Espainian. Oso estilo berezia izanda ere, Flandesko pinturaren maisuen ezagutza agertzen du bere lanetan. Irudi fantastikoak eta alegiazko animaliak sarritan agertzen diren Bosch-en koadroetan, egitura errealista eta sinbolikoetan emanak. Sinboloen ugaritasunak iluntzen du, askotan, obraren ulermena. Koadroen ezaugarrien arabera, lehen aldikoak bide dira: Zazpi bekatu nagusiak, Eromen-harriaren erauzketa, Eroen ontzia, obra satirikoak eta herri inspirazioarekin zerikusia dutenak. Heldutasunean lan handiak ondu zituen: Atseginen lorategia, Belar gurdia, Azken epaia, San Antonioren tentazioak, San Joan Patmosen, Seme barreiatzailea. koadro honetan Boschen irudimenak izaki hibridoak, animaliak, landareak, giza irudiak nahasten ditu infernuko ikuskarietan, xehetasun krudel eta erotikoak erantsiz. Azken aldikoak dirudite Jesu Kristoren Pasioa gaitzat hartzen duten koadroek: Arantzazko koroa, Ecce Homo, kolore ilunagokoak eta aurpegi desitxuratuak, karikaturazkoak agertzen dituztenak. Boschen marrazkietan naturaren behaketa zorrotza ere islatzen da: Hontzaren habia.  v  Eromena, bekatua eta heriotza dira Boschen gai nagusiak; horietan garai hartako krisi izpiritualaren adierazpena ikusi nahi izan dute. Haren imitazioak, infernu eta tentazioenak batez ere, ugaldu egin ziren XVI. mendean, baina Bruegel jotzen da benetako ondorengo bakartzat. XX. mendean, surrealistek Boschen eragina aitortu dute.