Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bohr, Niels

Daniar fisikaria (Kopenhage, 1885 - Kopenhage, 1962). Cambridge eta Manchester-en ikasi zuen, J. J. Thomson eta Rutherforden-ekin. Kopenhageko unibertsitatean irakatsi zuen. XX. mendeko fisikaririk ezagunenetakoa da; quanta-en teoria aplikatuz, Rutherfordek aurkezturiko atomoaren irudikatze planetarioa hobetu zuen. 1913an agertu zuen; teoria horrek geroko aurkikunde anitz bideratu zuen. Orbita elektronikoen kuantifikazioak fisika atomikoaren alorreko gertari ugariren interpretazioa ekarri du, hidrogenoaren tasun espektroskopikoak bereziki, eta elementu kimikoen ezaugarrien aldizkakotasunaren azalpena eman. Gero, nukleo atomikoaren azterketari ekin zion eta 1933tik aurrera desintegrazio nuklearraren fenomenoetarako teoria landu zuen. Bigarren Mundu Gerran AEBetara joan zen, eta bonba atomikoa prestatzen lagundu zuen. «Los Alamos»-ko laborategiko aholkulari izan zen. 1922an Fisika Nobel saria eman zioten.