Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bohemia

(Txekieraz Cechy). Txekoslovakiako mendebaleko lurraldea. 52.766 km2 eta 10.180.000 biztanle (1980). Moraviarekin batera, txekiarren herria osatzen du. Bohemia bost kraj edo administrazio eskualdeetan dago banatua: erdialdea, hegoaldea, mendebala, iparraldea eta ekialdea. Hiri nagusiak: Praga, Ceske Budejovice, Pilsen, Usti nad Labem, Hradec Kralove, Teplice.  v  Orografia. Mendiz inguraturiko erronbo antzeko ordoki batek osatzen du Bohemia: Sudete mendiak, ipar-ekialdean eta ekialdean; Krusne Hory mendiak (Al. Erzgebirge), ipar-mendebalean; Cesky Les eta Sumava mendiak (Bohemiako Oihana), hego-mendebalean, eta mendixka txeko-moraviarrak, hego-ekialdean. Hiru alde nagusi bereiz daitezke barnealde lauean: Ceske Budejoviceko padura lurrak, Vltava ibaiak ureztatuak; Pilsen aldea, Berunka ibaiak zeharkaturiko industrialde handia, eta Polabi izeneko eskualdea, ipar-ekialdean, Bohemiako eremu oparoena.  v  Ekonomia. ik. Txekoslovakia.  v  Historia. Boiar zeltak bizitu ziren Bohemian K.a. V. mendetik aurrera, eta markoman germaniarrak (I. mendea) eta txekiar eslaviarrak ondoren. VIII. mendearen bukaeran, Karlomagnoren mendeko bihurtu ziren txekoak. Zirilok eta Metodiok kristautu zuten 863tik aurrera, eta Moravia Handia erresumako eskualde bihurtu zen IX. mendearen bukaeran. Premysliarren garaian, egungo Txekoslovakia osatzen duten Bohemia, Moravia eta Eslovakia koroa bakar baten mendean egon ziren. Boleslav Ankerrak (929-967) bere anaia San Wenceslao Bohemiako Dukea (923-929) hil ondoren, Bohemia germaniar erregeen agintepean geratu zen. Vratislav II.aren garaian (1061-1092), Bohemiako Dukerria erreinu bihurtu zen, heredentziazko monarkia 1198tik aurrera. Ottokar II.a Premsylen erreinaldian (1253-1278), konkista handiak egin zituzten bohemiarrek (Silesia, Eslovakia, Lusazia, Austria, Estiria, Carintia eta Carniola); gero, ordea, Rudolph I.a Habsburgokoaren mehatxuagatik berriro utzi egin behar izan zituzten. Premysliarren dinastia 1306. urtean iraungi zen, Wenceslao III.a hil ondoren. Luxenburgoko etxeak izan zuen Bohemiako agintea 1310. urtetik aurrera. Bohemiako errege eta Germaniar Inperio Santuko enperadore izan zen Karlos IV.aren garaian (1346-1378), iritsi zen Bohemia gailurrera, eta Erdialdeko Europako herri nagusia izan zen urte haietan. Wenceslao IV.a bere semearen erreinaldian (1378-1419), ordea, Jan Hus-ek gidaturiko erreformak ondoko erreinaldian (Sigismond Luxenburgokoa, 1436-437) gerra zibila ekarri zuen erlijiozko, nazio eta gizarte krisia piztu zuen. Garai ilunak igaro ondoren, habsburgotarrek Bohemiako koroa eskuratu zuten (Ferdinand I.a, 1526-1564): haiek iraun zuten agintean 1918. urtera arte. Germaniartze politikak eta Rudolph II.ak (1576-1611) 1609an ezagutu zuen erlijio askatasuna ez onartzeak protestante abertzaleen matxinada ekarri zuten 1618an (Pragako leiho-amiltzea, 1618ko maiatzak 23). Hogeita Hamar Urteko Gerraren hasiera izan zen. Matxinatuek Ferdinand II.a erregetzatik egotzi eta Friedrich V.a Palatinatuko hautesle protestantea ezarri zuten errege. Bohemiako autonomiaren bukaera etorri zen habsburgotarrak Friedrich V.aren armada Bila Horako guduan (eusk. «Mendi Zuria») birrindu ondoren. 1627. urteko Konstituzioaren arabera, Bohemiako koroa Habsburgo etxearen eskuetan geratu zen; enperadoreak bere gain hartzen zituen ordu arte Dieta edo parlamentuak izan zituen ahalmen guztiak. Protestantismoaren zapalkuntzak eta germaniartze politikak biziagotu egin zuten bohemiarren abertzaletasuna. Josef II.aren erreinaldian (1780-1790), Hasburgoko estatuetako zentralizazioa areagotu zen, erlijio eskubideak onartu baziren ere. Txekiarren kultura eta abertzaletasuna 1815etik aurrera indartu zen nagusiki (J. Dobrovsky, J. Jungmann, P. J. Safarik, F. Palacky). Pragako matxinada (1848ko ekaina) gogor zapaldu zuten (Windischgrätz printzea). Frantzisko Josef enperadorearen garaian (1848-1916), berrikuntza handiak izan zituen txekiarren abertzaletasun txekiarrak: Txekiar Gazteen eslavismo berria (burujabetzaren aldekoa) sortu zen Txekiar Zaharrek bultzatu nahi zuten Austriaren aldeko eslavismoaren ondoan (Bohemiako autonomia Hasburgoko inperioararen barnean). 1870. urtean sortu zen alderdi sozialdemokrata berehala indartu zen langileen artean. Hizkuntzaren aldeko talde eta higikundeak ere izugarri zabaldu ziren. Lehen Mundu Gerran txekiarrek beren armada osatu zuten austro-hungariar inperioaren aurka eta 1918an, Txekoslovakia estatu berriko partaide bihurtu zen Bohemia Moravia txekiarrarekin eta Eslovakiarekin batera. 1939 eta 1945 urteen bitartean, Bohemiak, Sudeteak gabe, eta Moraviak, nazien mendeko eskualdea osatu zuten. 1968ko urriko Konstituzioaren ondoren, Bohemia eta Moravia txekiar lurraldeek Txekoslovakiako bi estatu federatuetako bat osatzen dute.