Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bernstein, Felix

Alemaniar matematikaria (Halle, Alemania, 1878 - Zurich, Suiza, 1956). Lehenengo ikasketak Cantorrekin egin zituen, Hallen; gero Hilbert eta Kleinekin ikasi zuen Göttingenen, eta han multzoen teoria landu zuen. 1907-1934 bitartean eskolak eman zituen Göttingenen. 1921ean irakasle hautatu zuten, eta Estatistika Matematikoko Institutua sortu zuen. Estatu Batuetako hainbat unibertsitatetan irakasle izan ondoren, 1948an Göttingenera itzuli zen. Multzoen baliokidetasunaren teorema ezaguna 1897an asmatu zuen, Cantorren ikasle zela Hallen. 1905ean zenbaki ordinalei buruzko artikulu garrantzitsu bat argitaratu zuen. Hala ere, Bernsteinek lanik gehiena matematika aplikatuetan egin zuen, estatistiketan, biologia matematikoan eta matematika aktuarialean. Funtzio ganbilak, Laplaceren transformazioa, zenbaki teoria eta genetikaren teoria matematikoa ere landu zituen.