Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bernako Kantonamendua

Suitzako kantonamendu zabalena, Grisoien ondoren. 6.049 km2 eta 921.500 biztanle (1985), hizkuntzaz alemaniarrak, eta protestanteak gehienak. Hiriburua: Berna. Aar ibaiak eta honen adarrek ureztatzen dute. Aar ibaiak Brienz eta Thun aintzirak osatzen ditu, Bielersee aintzirarekin ere lotzen delarik. Hiru eskualde nagusitan banatzen da Bernako Kantonamendua: Oberland, hegoaldean (turismoa, abere hazkuntza, energia elektrikoa); Mittelland, erdialdean, Aar eta Emme ibaien haranek osatua (abere hazkuntza, Emmental gaztak; nekazaritza eta industria) eta Jura, ipar-mendebalean: biztanle gehienak hizkuntzaz frantsesak eta erlijioz katolikoak dira (erloju industria). 1974ko erreferendumean, banaketaren bidea hautatu zuten Jurako biztanleek, eta 1978an 23. kantonamendua osatu zuten (837 km2 eta 64.400 biztanle [1985], hiriburua: Delémont).