Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bernanos, Georges

Frantses idazlea (Paris, 1888 - Neully, 1948). Lehen ikasketak jesuitekin egin ondoren, Zuzenbidea eta Letrak ikasi zituen. Kazetaritza lanei ekin zien Action française alderdi eskuindarreko kide gisa. Laster politikaren kritika morala bultzatu zuen bere idatzietan frantses burgesiaren porrota salatuz. 1926an argitaratu zuen lehen eleberria: Sous le soleil de Satan (Satanen eguzkiaren azpian); bertan, protagonista den apaizak etsipenaren tentazioa jasaten du. Hain zuzen ere, Bernanosek deabruaren erasoen aurka arimak egin behar duen gudua deskribatzen du bere eleberrietan: L’imposture (Iruzurra, 1928), La Joie (Poza,1929), Le Journal d’un curé de campagne (Herriko apaiz baten egunkaria, 1936). Hasieran Francoren altxamenduaren aldeko izan zen, baina Palma Mallorcakoan bizitako gertakarien lekukotza zuzenak Les Grands Cimetières sous la lune (Ilargi azpiko hilerri handiak, 1938) idaztera behartu zuen, Eliza eta Francoren elkar-hartzea salatzen du bertan. Municheko akordioen ondoren Brasila erbesteratu zen, De Gaulle eta erresistentziaren alde agertu zelako: Scandale de la verité (Egiaren eskandalua, 1930), Carte aux anglais (Ingelesei gutuna, 1942). Frantziara itzultzean, Monsieur Ouine (1946) argitaratu zuen, bekaturik okerrena, graziaren aurreko axolagabekeria zela plazaratuz. Gero Tunisian finkatu zen (1946-1948) eta gerora antzerki eta film bilakatuko zen Dialogues des carmélites (Karmeliten elkarrizketak) eleberriari amaiera eman zion. Beste zenbait lan: La grande peur des bienpensants (Pentsalari txintxoen izua, 1931), Un crime (Krimena, 1935), La France contre les robots (Frantzia roboten kontra, 1947), Le chemin de la croix des âmes (Arimen gurutze bidea, 1948).