Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Berlusconi, Silvio

Enpresaburu eta politikari italiarra (Milan, 1936). Zuzenbidea ikasi zuen Milanen. Enpresa ugari sortu eta zuzendu ditu. 1994an haren holdingak (Fininvest) enpresa hauek biltzen zituen, besteak beste: garrantzi handiko hiru telebista kate, bi egunkari, aldizkari asko, Mondadori argitaletxea, La Standa saltoki handiak, aseguru eta finantza etxeak eta AC Milan futbol taldea. 1994an Forza Italia alderdia sortu zuen eta hauteskunde orokorretara aurkeztu zen, martxoan, Iparraldeko Ligarekin eta Aliantza Nazionala alderdi neofaxistarekin batera. Forza Italiak botoen % 21 lortu zituen, eta haren aliatuek, berriz, % 23. Silvio Berlusconi izendatu zuten Lehen Ministro, baina handik gutxira, 1995eko urtarrilean, kargua utzi behar izan zuen, haren aurkako ustelkeria salaketa ugariak zirela eta. 1996ko urtarrilean Berlusconiren kontrako epaiketa hasi zen, Milanen. Hiru hilabete geroago, hauteskundeak galdu zituen. 1997ko abenduan urtebete eta lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina 1990ean barkamena eman zioten.