Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Berasategi, Juan Bautista

Gipuzkoar zinema zuzendaria (Pasai Donibane, 1951). Marrazki bizidunak landu ditu batez ere, eta alor horretan aitzindaria izan da Euskal Herrian. La estrella de oriente/Ekialdeko izarra (1977), animazioko lehen euskal filma izan zenarekin egin zuen debuta. Ondoren Fernando amezketarra egin zuen, eta Ikuska sailean parte hartu zuen (Ikuska 6, Nafarroan euskarak duen egoerari buruzkoa, 1980). 1985ean egin zuen Kalabaza tripontzia/La calabaza mágica, marrazki bizidunetako lehen film luzea Euskal Herriko zinemagintzan, euskal elezaharretan oinarrituriko lan bikaina. 1991n aurkeztu zuen bigarrena, Balleneros. Berasategiren beste lan batzuk dira Ahmed príncipe de la Alhambra (1997) eta Lazkao Txiki saila, 1997an hasia. Produktore lanak ere egin ditu, eta hainbat kargu izan ditu; besteak beste, Euskal Ekoizleen Elkarte Independentearen presidente izan da (1991-92-94-96 eta 1997). Berasategiren lan askok sari garrantzitsuak jaso dituzte.