Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Beaumont, Luis

Leringo II. Kondea (? - 1508). Leringo I. Kondearen semea eta Joan Nafarroako Kantzilerraren iloba, Vianako Printzearen alde agertu zen Nafarroako erregetzarako gerra zibilean eta, honenbestean, Zuria erreginak eman zion kondestable titulurik gabe utzi zuen Joan erregeak. Printzea hil ondoren Foix etxearen agindutara jarri zen eta 1468an Iruñea hartu zuen Gaston Foixkoaren izenean. Foix eta Nafarroako etxeek bat egin ondoren, Petri Nafarroako mariskala hilarazi zuen eta erabat eten ziren Leonor Nafarroakoaren eta Leringo II. kondearen arteko harremanak. 1474an Mendigorria setiatu eta desegin zuen. Noraezean ia, 1475ean Fernando Aragoiko erregearengana jo zuen eta hark babesa eman zion, Nafarroako ateak irekiko zizkiolakoan, eta halaxe gertatu ere zen 1512an. Leringo II. kondeak Viana eta Iruñea konkistatu eta, 1480an, Filipe Nafarroako mariskala hil zuen. 1481ean bakea izenpetu zuten Nafarroako erregeak eta Luis Beaumontekoak. Katalina Joan Albretekoaren emaztea erregina izendatuta, ordea, berriro hartu zituen armak Leringo II. kondeak, eta, Larraga eta Leringo guduak galdu ondoren, Nafarroatik egotzi zuten betiko (1507). Fernando Katolikoak lurrak eman zizkion Granadan eta Huescar-ko markes egin zuen, berari eskainitako zerbitzuen sari. Leringo II. kondeak urratu zuen Nafarroako konkistarako bidea, Beaumont etxea erabat Errege Katolikoen mendeko ezarri ondoren.