Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Baldung, Hans

Alemaniako pintorea (Gmünd, Suabia, 1484/85 - Estrasburgo, 1545). Estrasburgoko familia ezagun batean sortua, Dureroren lantegian sartu zen 1503an. Hans Von Kulmbach, Hans Leu eta beste zenbait artista ere baziren Dureroren lantegian, baina Durerok berak Baldung zuen gustukoen; hainbat beirate egin zituen (Nurenberg-eko San Lorenzo elizakoa, Grossgründlach-eko elizakoa, etab.) eta Durero Veneziara joan zenean ere era horretako lanen ardura izan zuen bere gain. Beirateez gainera aipatzekoak ditu zurez egindako grabatuak ere, irudimen handikoak; erretaulak, erretratuak egiten eta beste zenbait generotan ere egin zituen saioak. Pintore oparoa izan zen eta Dureroren eta Lucas Cranachen eragina ageri du bere lanetan. Erreformaren aldekoa izan zen eta Estrasburgoko humanistekin bat egin zuen; teatro humanista hartu zuen oinarri, espresio patetikoak landu zituen eta humanismoa bilatu zuen erlijio gaietan ere. Bere azken lanetan planoarekiko ardura berezia azaldu zuen; behe-erliebeen antzeko lanak egin zituen. Lan aipagarriak: Adinak eta Herioa, Gurutziltzatua, Ama Birjinaren koroatzea, etab.