Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Balandier, Georges

Frantses antropologo eta soziologoa (Aillevillers, egungo Aillevillers-et-Lyaumont, 1920). Filosofia eta Letra ikasketak egin zituen, Bigarren Mundu Gerran erresistentzia taldeetako kide izan aurretik. École Pratique des Hautes Études ikastetxean gizarte zientzietako ikasketa-buru izendatu zuten 1954an, eta Sorbonako irakasle 1962an. Urte horietan ekin zien Afrikari buruzko ikerketei, eta orduan argitaratutakoak dira: Afrika beltzaren egungo soziologia (1955); Afrika anbiguoa (1957) eta Eguneroko bizitza Kongoko erresuman XVI mendetik XVIIIra (1965); ikerlan hauetan gizarte aldaketa bultzatzen duten eragile demografikoak, ekonomikoak eta kulturalak adierazi eta lotzen dira. Europako gizarteak ere ikertu zituen Sena eta boterea (1971) liburuan, eta ikerketa antropologikoari jarraituz, Desordena (1988) liburuan gizarte antolaketa ezak eragiten dituen gizataldeen erantzunak aztertzen ditu. Politika ikuspegitik etengabeko deskolonizazio hitzartua defendatu zuen Balandierrek. Baztertu egin zuen ikerketa metodo estrukturalista Antropo-logikoa (1974) liburuan, haren iritziz ez baitu kontuan hartzen gizarteen mugimendu etengabea.