Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Balanchine, George

Errusiar musikagile, dantzari eta koreografoa (San Petersburgo, 1904 - New York, 1993). Bost urte zituela pianoa jotzen zuen, eta bederatzi urte zituela San Petersburgoko ballet eskolan sartu zen. Ikasketak amaitu zituenean taldeko kide egin zen, eta denbora librean pianoa eta konposizioa ikasten zituen. Dantza uztea erabaki zuen eta 1923an koreografiaren bideari ekin zion. Urte horretan bertan Volodia Dimitriev marrazkilariarekin batera Gauak ballet gaztea sortu zuen. Hainbat ballet zuzendu zituen Petrogradoko Opera Komikorako. 1924an errusiar gobernuak baimena eman zion ballet bat sortzeko eta atzerrian itzuli bat egiteko. Errusiar balletentzat zuzendu zituen, besteak beste: Barabau (Ricti, Utrillo, 1925), Jack in the Box (Milhaud, Derain, 1926), Katua (Sauguet, Gabo, Pevsner, 1927), Apolo (Stravinski, Bauchant, 1928). Ondoren Danimarkako errege balleteko maisu izan zen, eta musika komedia batean parte hartu zuen Londresen. 1932an Monte Carloko errusiar balletetako zuzendari izan zen. 1933an bere konpainia sortu zuen, Balletak. 1934an New York-eko School of American Ballet-a sortu zuen. Eskola horretako zuzendari zela zuzendu zituen: Sérénade (1934), Oroitzapena (1935), Orfeo (Glück, 1936), Maitagarriaren musua eta Karta jokoa (Stravinski, 1937). 1946an Ballet Society sortu zuen, eta 1948an lehenago bere konpainia izandakoak bildu zituen eta New York City Ballet-a sortu zuen. Lan hauek zuzendu zituen: Suzko txoria (Stravinski, 1949), Jones Beach (Andriessen, J. Robbins, 1950), Mendebaldeko sinfonia (Kay, 1954), Mugimenduak (1963), Don Kixote (Nabokov, 1966), Jewels (Fauré, Stravinski, Txaikovski, 1967), Slaughter on Tenth Avenue (Xenakis, 1968).