Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ba Jin

(Li Feigan)Txinako idazlea (Tx’eng Tu, 1904 - Shanghai, 2005). Ikasketak Nankinen eta Parisen (1927-1929) egin zituen. Txinara itzulirik, Shanghain finkatu zen; han, anarkista zela eta, eragozpenak izan zituen. Hala eta guztiz, idazle eta itzultzaile lanetan jarraitu zuen, eta literatura aldizkari bat eta Kultura eta bizitza liburu bilduma eman zituen argitara. 1933an Familia eleberria kaleratu zuen; autorearen lan nagusitzat hartua da, eta, familia barneko gatazkaren ikuspegitik, Txina konfuziarraren arau moral zaharren aurkako bere garaiko belaunaldi gaztearen borrokarekin bat egin zuen haren bidez. Beste zenbait eleberri: Amodioaren trilogia (1936), Udaberria (1938), Udazkena (1940). Maoren garaipenaren ondoren kargu publikoak izan zituen, harik eta 1959an autokritika egin behar izan zuen arte. 1977. urtean ontzat eman zuten berriz. Ba Jinen beste eleberri batzuk: Gau hotzak (1946), Heroien artean bizi (1953), Hiru lagun (1962).