Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bâ Amadou Hampâté

Maliko idazlea (Bandiagara, 1900 inguruan - Abidjan, 1991). Bâ klaneko fulania zen. Koloniaren garaian funtzionario izan zen, eta burujabetasunaren ondoren (1960), diplomatiko eta UNESCOko batzorde eragileko kide. Bere herriaren tradizioak oso ondo gogoratzen zituen eta historialari eta etnologo egin zen. Jacques Dagetekin batera 1955ean idatzi zuen L'Empire peul du Macina (Macinako fulanien inperioa) lanean ahozko tradizioaren araberako inperioaren historia osatu zuen; inperioa 1818an sortu zen Niger ibaiaren barrualdeko deltan, eta 1893an frantsesek konkistatu zuten. Bestalde, fulanien ahozko hainbat kontakizun papereratu zituen: Koumen, texte initiatique des pasteurs peuls (1961, Koumen, artzain fulanien iniziazioko idatzia), Kaïdara, récit initiatique peul (1969, Kaidara, fulanien iniziazioko kontakizuna), L'Éclat de la grande étoile (1974, Izar handiaren distira), Njeddo Dewal, mère de la calamité (1985, Njeddo Dewal, zorigaitzaren ama), La Poignée de poussière, contes et récits du Mali (1987, Hauts eskukada, Maliko ipuinak eta kontakizunak). Hala ere, ospe gehien eman zion lana bere eleberri bakarra da, L'Étrange Destin de Wangrin (1973, Wangrinen patu bitxia), afrikar interprete baten abenturak kontatzen dituena. Bestalde, bi memoria liburu idatzi zituen: Amkoullel l'enfant peul (1991, Amkoullel haur fulania) eta Oui mon commandant! (1994, Bai nire komandante!).