Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

BB King

(Jaiotza izena, Riley B. King). Estatubatuar blues kantari eta gitarra-jotzailea (Itta Bena, Mississippi, 1925). Urte gutxi zituela Tennessee-ko Memphis-era joan zen bizitzera eta han ezagutu zuen Sonny Boy Williamson II, bere irratsaioan disc-jokey lanak egiteko tartetxoa eman ziona. Hantxe jarri zioten gero berak B.B. laburtutako ‘Blues Boy’ izengoitia. 1950ean hasi zen grabazioak egiten, eta 1965ean pop musikako disko salduenen zerrendan sartu ahal izan zuen lehen blues diskoa argitaratu zuen: Live at the Regal. B.B. Kingen beste lan batzuk dira: Confessin’ the Blues (1966); Indianola Mississippi Seeds (1970, Joe Walsh, Leon Russell eta Carole King musikariekin) eta Six Silver Strings (1985). Sari ugari jaso ditu, eta horien artean baita hainbat Grammy ere, The Thrill is Gone (1970) kantagatik eta There Must Be a Better World Somewhere (1981), My Guitar Sings the Blues (1986), Live at San Quentin (1990), Live at the Apollo (1991) eta Blues Summit (1992) diskoengatik. 1987an musikari eskainitako lanarengatik eman zioten Grammy saria. Kingen estilo berritzaileak eragin handia izan du rock and roll eta blues musikari ospetsuengan, eta beronen Lucille gitarra egungo musikari askoren laguntzaile izan da. 1995ean Raimundo Amador-ekin batera jo zuen Donostiako Jazzaldian, eta azken musikari honen Gerundina diskoan ere, bi abestitan parte hartzen du B.B. Kingek.