Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Azerbaijan

(Izen ofiziala, Azerbaijango Errepublika; azeriz, Azarbaijchan Respublikasy). Asia mendebaldeko estatua, 1991 arte Sobiet Batasuna zeneko errepublika izana. 86.600 km2 eta 8.699.000 biztanle (2008, azerbaijandarrak). Azerbaijanen mende daude, Azerbaijango lurraldeaz gainera, Sobiet Batasunaren garaian probintzia autonomo izandako Nagorno-Karabakh eta Nakhitxevan Errepublika Sozialista Sobietar Autonomoa (RSSA), Armeniako mendikate batek bereizia Azerbaijango lurraldetik. Mugak: Georgia, ipar-mendebaldean; Armenia, mendebaldean eta hego-mendebaldean; Iran, hegoaldean; Kaspiar Itsasoa, ekialdean; Errusia, iparraldean. Hiriburua: Baku (2.036.000 biztanle). Hiri nagusiak: Sumgait, Gyanzha eta Nakhitxevan (azken hori Armenia eta Iran arteko lurraldean). Hizkuntza ofiziala: azeria (errusiera ere oso zabalduta dago). Erlijioa: musulman xiia (% 65). Gizatalde nagusiak: azeriak (% 89,8), daghestandarrak (% 3,1), armeniarrak (% 2,3), errusiarrak (% 2,5). Dirua: manat-a. ■ 1991. urtean Sobiet Batasunarekiko independentzia aldarrikatu zuen Azerbaijanek, Sobiet Batasunaren gainbeheraren ondorioz. Nagorno-Karabakh lurraldearen jabetza dela-eta, 10 urtetik gorako gatazka izan da Azerbaijanen eta Armeniaren artean, eta oraindik ez da erabat konpondu arazoa. Gerran ari ziren bitartean, Karabakheko armeniarrek independentzia aldarrikatu zuten, eta lurraldearen % 20aren gaineko kontrola eskuratu zuten. Gertaera horien eraginez 750.000 azerbaijandarrek ihes egin behar izan zuten. 1994an, azkenik, su-etena sinatu zen, eta tarteka arazoak izan diren arren, oro har, bi aldeek bete dute su-etena. ■ Biztanleak. Azerbaijan da Asia mendebaldeko herrialdeetan biztanle gehien duena. Urteko hazkundea % 1,06koa zen 1995. urte inguruan; jaiotza tasa garaia zuen, baina baita haurren heriotza tasa ere, batez ere nekazari inguruetan. Biztanleen % 55 bakarrik bizi zen hirietan (Asia mendebaldeko urbanizazio maila apalena). Gizataldeei dagokienez, nazionalitate desberdin askotako jendea bizi da; azeriak edo bertako biztanleak dira ugarienak (% 83), batez ere azken urteetan, Nagorno-Karabakhen inguruko gatazka dela-eta Azerbaijango armeniarrek (500.000 inguru) Armeniara alde egin eta Armeniako azerbaijandar askok (200.000 inguru) Azerbaijanera ihes egin zutelarik. Gaur egun Azerbaijanen gelditzen diren armeniar gehienak Nagorno-Karabakhen bizi dira. Azerbaijanen administraziopean dago, orobat, Nakhitxevan, Armeniarekin mugan dagoen lurraldea, etniari dagokionez azerbaijandarra. ■ Gobernua eta administrazioa. Azerbaijan errepublika presidentzialista da. Gaur egun indarrean dagoen konstituzioa 1995ekoa da. Organo legegile nagusia Mejlis edo Batzar Nagusia da, bost urtez behin aukeratutako 300 kidez osatua. Estatuburua presidentea da, eta konstituzioaren arabera Lehen Ministroa izendatu eta gobernua osatzeko ahalmena dauka, Mejlisaren onespenarekin, betiere. 1991n 50 kidez osaturiko organo legegile bat antolatu zuen Mejlisak, Nazio Kontseilua. Nazio Kontseiluak indar gabe utzi zuen Mejlisa 1992ko estatu kolpearen ondoren. Azerbaijan Estatu Burujabeen Batasuneko kide da. ■ Ekonomia. Azerbaijango ekonomia jarduera nagusia industria da (barne produktu gordinaren % 50 baino gehiago), nahiz eta bera den Kaukaso inguruko errepublikarik atzeratuena, industrializazio mailari dagokionez. Petrolioari loturiko industria da bereziki azpimarratzekoa; izan ere, munduko petrolio erreserba nagusietako bat dauka Azerbaijanek. 1997aren amaieran Kaspiar Itsasoan zituen petrolio hobiak zabaldu ziren, gobernuak atzerriko 12 enpresaz osaturiko talde batekin lorturiko hitzarmenari esker. Petrolioaz gainera, aipagarriak dira Kaspiar Itsasoaren inguruko baliabideei loturiko industriak (kimika industriak, altzairua, etab.). ■ Nekazaritzari dagokionez, barne produktu gordinaren heren bat hartzen du, gutxi gorabehera, eta kotoia, laboreak, mahatsa eta tabakoa dira gai nagusiak, baina kotoiaren eta mahatsaren ekoizpenak behera egin du azken urteetan. ■ Azerbaijango ekoizpenak, oro har, behera egin zuen 1990eko hamarraldian, Nagorno-Karabakheko gerraren ondorioz kostuak garestitu zirelako eta Sobiet Batasun ohiko beste errepublika batzuekiko merkataritza harremanak eten zirelako. Gaur egun, Europako herrialdeekin, Turkiarekin, Iranekin eta Estatu Batuekin ditu merkataritza harreman nagusiak. Sobiet Batasun ohiko herrialdea izaki, arazoak izan ditu merkatuko ekonomiara egokitzeko, baina aberastasun eta energia iturri ugari izateak asko lagun diezaioke. ■ Historia. Sobiet Batasun ohiko errepublika izan zen harik eta batasuna desegin eta Estatu Burujabeen Batasuna sortu zenean burujabetasuna aldarrikatu zuen arte (1991). Burujabetasuna lortu eta berehala gatazkak sortu ziren, ordea, biztanleriaren osaerari dagokionez lurralde armeniarra den Nagorno-Karabakheko lurraldearen gaineko kontrola zela-eta. 1991n Nagorno-Karabakheko gehiengo armeniarrak (170.000 biztanle, % 76 armeniarrak, % 23 azerbaijandarrak), estatu burujabe aldarrikatu zuen lurralde hura, baina Azerbaijango sobiet gorenak ez zuen erabaki hura onartu. Aiaz Mutalibov buruzagi komunista ohia izan zen Azerbaijango errepublikako Lehen lehendakaria (1991), baina 1992ko maiatzean dimisioa ematera behartu zuen oposizioko Herri Fronteak, Karabakheko egoera kontrolatzerik lortu ez zuelako. Gorabehera askoren ondoren, lehendakaritzarako hauteskundeak egin ziren 1993an, eta Albufaz Elxibey Herri Fronteko burua izan zen garaile, botoen % 55 eskuratuta. Presidente hark Errusiatik aldentzeko eta Turkiara hurbiltzeko ahaleginak egin zituen (Estatu Burujabeen Batasunetik atera zen Azerbaijan 1992an) eta mendebaldeko herrialdeekin petrolioaren esportaziorako hitzarmenak lortzen ahalegindu zen. Baina Elxibeyk ez zuen lortu ekonomiak hobera egitea eta Nagorno-Karabakheko gerra amaitzea. Hain zuzen ere, gudaroste azeriak zenbait gudu galdu zuen armeniarren kontrako gerran, eta horren eraginez estatu kolpe bat eman zuten Guseinov koronelaren jarraitzaileek. Elxibeyk ihes egin zuen eta Kontseilu Nazionalak Heydar Aliev komunistaren esku utzi zituen ahalmenak. Heydar Aliev lehendakaria Turkiarekiko harremanak sendotzen saiatu da, beti agertu baita azerien alde eta armeniarren kontra, eta Errusiarekiko hurbiltasuna ere bilatu du, etorkizunean mugen kontrola bideratzen lagun diezaiokeelakoan. Horrela, 1993an Estatu Burujabeen Batasunean onartu zuten berriro Azerbaijan. Urte hartan bertan, urrian, lehendakari izendatu zuten Aliev (% 98,8). 1994ko maiatzean, su-etena sinatu zuen Nagorno-Karabakheko gerran, Errusiaren presioaren eraginez, baina 1996 arte elkarrizketak egon diren arren, gatazka ez da erabat konpondu. 1994an Husseynov Lehen Ministroaren jarraitzaileek estatu kolpea emateko saioa egin zuten, su-etenaren kontra baitzeuden, baina ez zuten beren helburua lortu eta atxilotu egin zituzten. 1995ean hauteskundeak egin ziren, oposizioko alderdien parte-hartzerik gabe, debekatu egin baitzituzten estatu kolpearen saioaren ondoren, eta Alieven Azerbaijan Berria alderdia izan zen garaile; bestalde, 1996an Guliev Lehen Ministroak dimisioa eman behar izan zuen, eta Rasizade izendatu zuten Lehen Ministro. 1998ko hauteskundeetan Heydar Aliev komunista aukeratu zuten berriro lehendakari (% 76,11), herrialdeari egonkortasuna eman diolako eta ekonomia hobetzeko lan handiak egin dituelako, batez ere petrolioaren alorrean. Dena dela, 1999an oliobide bat ireki zen arren eta Azerbaijanek petrolio aberastasun handiak dituen arren, industria oso atzeratua da eta biztanleek arazo ekonomiko larriak dituzte: gasa, ura eta argindarra lortzeko zailtasun handiak daude. Azken urteetako egoera politikoari dagokionez, 1995ean konstituzioa onartu zen arren, oinarrizko eskubideak ez daude bermaturik Azerbaijanen, eta nazioarteko begiraleek salatu egin dituzte 1998ko hauteskunde prozesuaren gorabeherak. Azkenik, Nagorno-Karabakheko gatazkak bere horretan dirau, batez ere 1998an Armenian Robert Kotxarian Karabakheko buruzagi ohia agintera iritsi zenez gero.
http://www.president.az/