Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Augér, Arleen

Estatubatuar sopranoa (Long Beach, Kalifornia, 1939 - Amsterdam, 1993). Musikologia ikasketak egin zituen, bere jaioterriko unibertsitatean, 1957-1963 urte bitartean. Ikasketak amaitu ondoren musikari, kantuari hain zuzen ere, ekin zion. Ralph Errolle-rekin batera lan egin zuen 1965. urtetik aurrera Chicagon. Kontzertuetan kantatzen zuen batez ere; operan Gilda (Rigoletto) eta Gaueko erregina (Xirula miragarria) paperetan egin zuen debuta. Los Angelesen Victor-Fuchs saria irabazi zuen eta sari horri esker Europara joan zen teknika lantzera. Vienako Operan aritu zen eta han arrakasta handiko debuta izan zuen Gaueko erreginaren paperarekin. New York City Operan 1969an egin zuen debuta paper berarekin. Ondoren Alemaniako opera nagusiek gonbidatu zuten: Hanburgo, Munich, Frankfurt, Kolonia… 1971n Frankfurt-eko Goethe Unibertsitateko irakasle izendatu zuten, eta 1974. urtetik aurrera Bach-en kantatetan, pasioetan eta oratorioetan espezializatu zen. Behin baino gehiagotan izan zen Salzburgoko jaialdian. Milango Scalan 1975ean kantatu zuen lehenengo aldiz, eta New York-eko Metropolitan operan, berriz, 1978an. 1985ean izugarrizko arrakasta izan zuen Londresen, Haendelen Alcina lanarekin. 1986an Andrew printzearen ezkontzan parte hartu zuen Westminster-en, eta 1991n Mozarten heriotzaren bigarren mendeurrena ospatzeko kontzertuan Vienako Saint-Étienne katedralean. 1993an hil zen, minbiziak jota.