Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Auerbach, Frank

Ingeles pintorea, Alemanian jaioa (Berlin, 1931). Ingalaterran bizi da zazpi urte zituela hara bidali zutenetik. 1947an britainiar hiritartasuna lortu zuenetik, berriz, Londresen bizi da, eta han egin ditu ikasketak. 1956an Londresko Beaux-Arts Gallery aretoan egin zuen bakarkako lehen erakusketa. 1978an bere lanaren atzera begirako erakusketa handia antolatu zuen Arts Council aretoan eta 1986an Britainia Handiko ordezkaria izan zen Veneziako Bi Urtekoan. Bere lanetan gai gutxi ukitzen ditu, batez ere bere estudio inguruko eraikinak eta parkeak, edo bere hurbileko lagun edo pertsonen erretratuak pintatzen ditu. Pintzela, espatula nahiz eskuak erabiltzen ditu. 1950eko hamarkadan, zuria, beltza eta lur-kolorea bakarrik ageri ziren Auerbachen paletan. Pintura geruzak bata bestearen gainean etengabe jarriz, ia hiru dimentsiotakoak bilakatzen dira koadroak. Koadro azalak behin eta berriro urratu eta berriz margotzen ditu.