Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Aristofanes

Greziako komedigilea (Atenas, K.a. 450 inguruan - 386 inguruan). Aristofanes Greziako komediaren sortzailea da zinez. Polemista azkarra, gizarteko konbentzioak arbuiatu zituen eta demagogia, indarkeriaren eta diktaduraren etsaia izan zen. Idatzi zituen berrogei lanetatik hamaika besterik ez dira iritsi osorik gure egunetara: Akarniarrak (425) eta Bakea (421) (gerrazaleen aurka azaltzen da egilea); Zaldunak (424) (Kleon demagogoaren aurkako erasoa egiten du); Hodeiak (423) (Sokrates barregarri uzten du); Liztorrak (422) (Atenasko justiziaren kritika egiten du); Hegaztiak (414) eta Lisistrata (411) (utopia politiko eta sozialen iseka ageri da), eta Tesmoforiak (411) (Euripidesen kritika egiten du). Atenas erori ondoren, satira politikoari uko egin zion eta bide berritan barrena abiatu zen: Emakumeen biltzarra (392), ideia berrizale batzuen kritika, eta Pluto (388), aberastasunaren eta pobreziaren ondorioez diharduena. Antzinatean ere komediaren maisutzat zeukaten Aristofanes. Errealitatearen hautematea, karikaturarako grazia eta poesia atsegina dira haren antzerkigintzaren ezaugarriak; arrunkeria eta poesia nahaste hori garaiko jendearen gustukoa zen oso. Aristofanesen helburua, beste ezer baino lehen, ikuslegoa barrez jartzea zen, artean ez baitzen komedia moralizatzailea sortu.