Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Aristide, Jean-Bertrand

Haitiar elizgizon eta politikaria (Port-Salont, Haiti, 1953). Askapen teologiaren ideietan hezi zen apaiz ikasketak egin bitartean. Israelen, Londresen eta Kanadan teologia ikasketak sakondu zituen, eta 1982an salestar apaiz ordenatu zen. 1985ean Haitira itzuli eta Port-au-Princeko parrokia behartsu batean lan egin zuen. Horrekin batera protesta mugimendu ugari antolatu zituen, eta Jean-Claude Duvalier-en diktadura zapaltzailea salatu zuen. 1986an protesta mugimendu horiek uhartetik ihes eginarazi zioten Duvalier-i. Hurrengo lau urteetan diktadorea babestu zuten funtzionario zibil eta militar talde batek gobernatu zuen Haitin. Aristidek borrokan jarraitu zuen eta 1988an, gobernuak behartuta, salestarrek bota egin zuten apaizgintzatik, indarkeria sustatzen zuela leporatuz. 1990ean egin ziren 1804az geroko lehen hauteskunde libreak eta Aristide atera zen lehendakari, botoen % 67rekin. Raoul Cedras teniente jeneralak estatu kolpea eman eta hiru urtez atzerrian egon zen Aristide. Nazio Batuen Erakundearen bitartekotzarekin iritsitako hitzarmenaren ondoren, Haitira itzuli zen berriz Aristide, eta arazo larriei aurre egin behar izan zien: osasungintzaren egoera tamalgarriari, analfabetismo handiari, lur jota zegoen ekonomiari, langabetu kopuru handiari, burokrazia ustelari eta armadaren gangsterismoari. Ez zen 1995eko hauteskundeetara aurkeztu, eta bere alderdi bereko René Préval atera zen presidente.