Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Anschluss

(Al. lotura) 1938ko martxoaren 15ean Alemaniako naziek egindako Austriaren anexioari eman zitzaion izena. Nahiz naziak, Seyss-Inquart buru, anexio honen alde aspaldian ari ziren, Frantzia eta Ingalaterrako oposizioak hainbat urtez galarazi zuen Alemania eta Austriaren arteko batasuna. Schuschnigg gobernu buru austriarrak honelakorik nahi ez bazuen ere, Hitlerrek Seyss-Inquart ezarri zuen Barne Ministerion eta Anschluss-ari buruzko erreferenduma iragarri zuen. 1938ko martxoaren 10ean, Hitlerrek Schuschnigg kargua uztera behartu zuen eta Seyss-Inquarten gobernu berria ezarriz batera, Alemaniako armadako blindatuak sartu ziren Austrian. Martxoaren 12an Viena hartu eta 15ean, Hitlerrek berak aldarrikatu zuen Vienan Anschluss-a. 1938ko apirilaren 10ean eginiko erreferendumean, austriarrek Reicharekiko batasunaren aldeko botoa eman zuten (% 99,73).