Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Angelico

, Fra. (Guido di Pietro, fraidetan Fra Giovanni da Fiesole). Italiar margolaria (Vicchio di Mugello,1400 inguruan - Erroma, 1455). Domingotarra, Fiesoleko komentuan ordenatua 1427 inguruan. Bera ere priore izan zen Fiesoleko San Domenicon (1449-1452). Fra Angelicok eginak edo bere lantegian eginaraziak, haren fresko eta erretaulak Fiesole, Brescia, Florentzia, Cortona, Perugia, Erroma eta Orvieto-n banatu ziren. Florentziako San Marco komentuan fraideen 50 gela, klaustroa eta kapitulu-aretoa apaindu zituen (1437-1445), Kosme Mediciren aginduz. Gaur egun museoa da komentu hori, eta hantxe daude Florentziako aldian Fra Angelicok egindako obra gehienak. 1440 urte inguruan, Florentziako San Marco eta beste bi komenturen erretaulan Ama Birjina eta Haurra aingeruz inguratuak irudikatu zituen, sacra conversazione deitu zen gaiaren garapena markatuz; Vatikanon Nikolas V.aren kapera apaindu zuen (1446-1449); 1447an Orvietoko katedralean lan egin zuen; 1453an Erromara itzulirik, bertan hil zen. n Fra Angelicoren artea, hasieran lanoki xehe zehatza zena, bizitza arrunta irudikatzera bihurtu zen gero eta gehiago. Koloreen leuntasuna, pertsonaien gizatasun biguna, marrazkiaren gotortasuna eta gardentasuna, planoen eta perspektibaren mailakatze zuzena dira, besteak beste, haren estiloaren ezaugarriak.  v  Fra Angelicoren obra nagusi zenbait: Ama Birjinaren Koroatzea (1425 inguruan), Adierazpena, Ikustaldia, Magoen Adorazioa, Ama Birjinaren Ezkontza (1425-1430), Herodesen Oturuntza (1435 inguruan), Jesukristo Gurutzean, Santuak, Akinoko Santo Tomas eta San Buenaventura.