Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ángeles, Victoria de los

Espainiar opera kantaria, sopranoa (Bartzelona, 1923 - Bartzelona, 2005). Sopranoentzat idatzi diren paper gehienak arrakasta handiz interpretatu baldin bazituen ere, espainiar kantuetan nabarmendu zen bereziki. Bartzelonako Liceuko Kontserbatorioan piano eta kantu ikasketak egin zituen. 1947an lehen saria irabazi zuen Genevako nazioarteko kantu lehiaketan. 1945ean Madrilen kantatu zuen bere lehen opera, Mozarten Figaroren Ezteiak operako Almaviva kondesaren papera eginez. 1950ean kantatu zuen lehen aldiz Londresko Covent Garden aretoen, Pucciniren La Bohèmeko Mimi. Geroago, Milango La Scalan Straussen Naxoseko Ariadna operako paper nagusia egin zuen. New Yorkeko Carnegie Hallen kontzertuak eman zituen eta Metropolitan Opera Housen Gounoden Fausto operako Margueriteren papera egin zuen. Bayreuthen (Alemania) 1961ean eta 1962an Wagnerren Tannhäuser obrako Isabel bezala agertu zen. 1969tik aurrera asko gutxitu zituen bere jendaurreko agerraldiak. Victoria de los Ángelesek gardentasun eta emetasun handiko ahotsa zuen, eta bere malgutasunari esker inoiz ez zen musikagile jakin batekin lotu. 1993an Musikaren Sari Nazionala eman zitzaion. Nazioarteko kritikak aurreko mendeko kantaririk osoenetakotzat jo zuen Europako hizkuntza desberdinetan eta musika genero guztietan; diskografia zabala utzi zuen horren erakusgarri.