Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Allison, Luther

Estatubatuar blues musikaria (Mayflower, Arkansas, 1927 - Madison, Wisconsin, 1997). Txikitan hasi zen abesten. 1950eko hamarraldiaren hasieran, Chicagora joan zen, eta gitarrari ekin zion. Hango blues musikariak ezagutu zituen, Muddy Waters haien artean. 1960ko hamarraldian, Freddie Kingekin, Magic Samekin, Shakey Jackekin jo zuen, eta toki garrantzitsuetatik deitu zioten, kontzertuak eman zitzan. Love Me Mama bere lehen diskoa grabatu zuen 1969an, eta beste hiru gehiago, segidan. Ameriketan arrakasta komertzialik lortu ez zuelako, Europan hasi zen jotzen 1970eko hamarraldian. Hainbat disko grabatu zuen, eta leku ugaritan aritu zen jotzen: Japonian, Sobietar Batasun ohian, Polonian, Eskandinavian, Europan. 1990eko hamarraldiaren erdialdean, bere herrira itzuli zen. Hiru disko grabatu zituen orduan: Soul Fixin’ Man (1994), Blue Streak (1995) eta Reckless (1997), eta harrera ona izan zuten. Gaur egun, Ameriketako blues gitarra jotzaile handienetakotzat dute denek Allison. Ez da harrigarria, guztiei atsegin baitzaie haren musika, bai blues musikaren entzule heldu serioei, bai rockzale gazteagoei. Minbiziaz hil zen.