Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Altuna Etxabe, Jesus

Gipuzkoar ikertzailea (Berastegi, 1932). Filosofia eta teologia ikasketak egin zituen Gasteizko eta Donostiako Apaizgaitegietan. Gero, biologia zientzietako karrera egin zuen Madrilgo Unibertsitate Complutensean. 1960an lizentzia eskuratu zuen, eta 1971n doktoregoa, Gipuzkoako historiaurreko aztarnategietako ugaztunen faunari buruzko tesia zela bide. 1957tik 1972ra lankide izan zen J. M. Barandiaranek zuzenduriko indusketa arkeologikoetan. 1973tik gaur arte 21 indusketa kudeatu ditu Gipuzkoan, eta beste ikertzaile batzuek egindakoetan parte hartu du. Ikerlanekin batera, irakas lanetan aritu da hainbat ikastetxetan: praktika laguntzailea Madrilgo Unibertsitate Complutensean (1960-1961), Donostiako Apaiztegiko irakaslea (1961-1965), katedraduna Donostiako J. M. Usandizaga Institutuan (1967-1980), katedraduna Donostiako EHUko Irakasle Eskola Unibertsitarioan (1980tik aurrera) eta Historiaurreko irakasle gonbidatua Bergarako UNEDen (1979-1985 eta 1991-1998). Barandiaran Fundazioaren Zuzendaria (1997tik aurrera), eta haren patronatuko kidea (1998tik aurrera). Orobat da edo izan da hainbat zientzia erakundetako kide. 1978tik 1988ra, Eusko Ikaskuntzako Historiaurre eta Arkeologia saileko lehendakaria izaki, Elkarteko Batzorde Iraunkorreko kidea ere izan da. Gipuzkoako monumentu megalitikoak seinaleztatzeko proiektuaren zuzendaria izan zen eta lan bera egin zuen Ekain eta Amaldako aztarnategietan. Hainbat sari jaso ditu, hala nola Espainiako Premio Ibañez Martin a la Investigación Científica (1972) edota Basauriko Ikerketari eskainitako Giza eta Gizarte Zientziak saria (1998). 2000. urtea arte 12 liburu zeuzkan argitaratuta, 160 ikerketa-artikulu Espainiako eta kanpoko aldizkarietan eta 42 zabalkunde artikulu.