Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Aleixandre y Merlo, Vicente

Espainiar poeta (Sevilla, 1898 - Madril, 1984). 27ko Belaunaldiko poeta behinenetakoa. Malagan haurtzaroa igarorik, Madrilen Merkataritza eta Zuzenbide ikasketak egin zituen. Osasun eskasekoa, 1925etik aurrera poesiara erabat emanik bizi izan zen. 27ko taldekoetarik erbesteratu ez zen bakarrenetako bat izanik, eragin handia izan zuen Espainiako poeta gazteagoetan, gerra aurreko eta osteko poesiaren arteko zubi izan zelarik. 1949an Real Academia Españolako kide hautatu zuten.1977an Nobel Saria jaso zuen.  v  Aleixandreren poesia, neurri handi batean, surrealismoak eragin du. Metaforak haren estiloaren ezaugarri nabarmenenak dira: handi-ederrak, kosmikoak, zenbaitetan igarleen tonoa ekartzen dute gogora. Ahapaldi librea erabiltzen du gehienbat. Aleixandreren obra hiru alditan bereiz daiteke ageri duen mundu ikuskeraren arabera. Lehenean, gizonari buruzko epaia ezkorra da; gizona ez da perfektua, aitzitik, ahula da, oinazez bizi dena: Ambito (1928); Espadas como labios (1932); La destrucción o el amor (1933), Literatura Sari Nazionala; Sombra del Paraíso (1944), autorearen obrarik garrantzitsuena; Hijos de la ira (1944). Bigarren aldian, gizona halako prisma baikor batez ikusten du, surrealismoaren irudiak alde batera utzirik, gizataldea eta elkartasuna ditu balio nagusitzat: Historia del corazón (1954); En un vasto dominio (1962); Retratos con nombre (1965). Hirugarren aldian, estilo trinkoago eta bilduagoa du, berriro osagai surrealistak beretzen ditu, poema filosofiko sakonetan, gaztaroa «bizitza bakar» gisa hartzen duelarik: Poemas de la consumación (1968); Diálogos del conocimiento (1974).