Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Aleksandrov, Pavel Sergeevitx

Errusiar matematikaria (Bogorodsk, Errusia, 1896 - Mosku, 1982). Lehenengo ikasketak Smolensken egin zituen, eta 1913an graduatu zen. Moskuko Unibertsitatean Stepanovekin ikasi zuen, eta hark bultzatuta Egoroven mintegietara joan zen. 1915ean bere lehen froga garrantzitsua aurkeztu zuen. 1920-1921 urteak Smolensken igaro zituen, unibertsitatean eskolak ematen. Urte haietan Urysohn matematikaria ezagutu zuen, eta handik aurrera lankide izan ziren. Ikasketak bukatu ondoren Moskuko Unibertsitateko irakasle hautatu zuten, eta bertan topologia, analisia eta Galoisen teoria irakatsi zituen. Urysohnekin batera, Hausdorff, Fréchet eta beste matematikari batzuek sortutako teoria (topologiaren arloan) aurrera eraman zuen. Besteak beste, espazio trinkoen kontzeptua asmatu zuten. 1926etik aurrera Hopfen lankide izan zen, eta 1927-1928 ikasturtea Princetonen eman zuten; bertan Lefschetz, Veblen eta Alexander matematikariekin lan egin zuten. 1929an, Moskuko Unibertsitateko matematika irakasle izendatu zuten. 1935ean Topologia izeneko liburua argitaratu zuen. Horrez gainera, Aleksandrovek 300 argitalpen zientifiko egin zituen; topologiako kontzeptu ugari asmatu zituen eta homologiaren teoriaren hastapenak ezarri zituen. Lan horrengatik guztiagatik ohore asko jaso zuen; elkarte eta akademia askotako kide izan zen, eta Stalin saria ere jaso zuen (1943).