Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Adler, Stella

Estatubatuar antzezle eta irakaslea (New York, 1901 - Los Angeles, Kalifornia, 1992). Antzezle handia izateaz gainera, Stella Adler Interpretazio Kontserbatorioa sortu zuen, eta han Konstantin Stanislavskyk asmatutako Method interpretazio teknikaren arabera trebatu zituen Marlon Brando, Warren Beatty, Robert de Niro eta beste aktore handi batzuk. Yiddish hizkuntzako antzezle familia batean sortu zen eta 4 urterekin hasi zen bera ere antzezten, baina Group Theatre talde esperimentalarekin egin zen ezaguna. Irakasteaz landa, Adlerrek hainbat antzerki-lan zuzendu zuen New Yorken; antzezle moduan aritu zen Lover on Toast (1938), Shadow of the Thin Man (1941) eta My Girl Tisa (1948) filmetan, eta lehen antzezle gisa, berriz, He Who Gets Slapped (1946) eta Oh Dad, Poor Dad, Mama’s Hung You in the Closet and I’m Feelin’ So Sad (1961) antzerki-lanetan. 1988an, Stella Adler on Acting (Stella Adlerrek antzezteari buruz) liburua argitaratu zuen.