Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Adams, John Frank

Britainiar matematikaria (Woolwich, Ingalaterra, 1930 - Cambridge, Ingalaterra, 1989). Lehenengo ikasketak Cambridgeko Trinity Collegen egin zituen, eta graduatu ondoren (1949) Besicovitchen zuzendaritzapean neurri geometrikoaren teoria aztertzen aritu zen; geroago topologia aljebraikoa landu zuen Wylierekin. Whiteheaden eragin handia izan zuen Adamsek topologia aljebraikoaren arloan. Oxforden ibili ondoren Cambridgera itzuli zen; Chicagon eta Princetonen ere aritu zen. Estatu Batuetatik itzuli ondoren Cambridgeko Trinity Hallen postu bat lortu zuen; urte horietan K-teoria aztertu zuen. Manchesterren Newmanen katedra bete zuen; bertan, oso artikulu garrantzitsuak idatzi zituen homotopiaren teoriari buruz. 1964an Errege Elkarteko Kide egin zuten, eta 1970ean Hodgek Cambridgen betetako astronomia eta geometria irakasle postua lortu zuen. Adamsek garrantzi handiko liburuak idatzi ditu, besteak beste, Lectures on Lie groups (1969, Lie Taldeak), Algebraic topology: a student's guide (1972, Topologia aljebraikoa: ikaslearen gida), Stable homotopy theory and generalized homology (1974, Homotopiaren teoria egonkorra eta homologia orokorra) and Infinite loop spaces (1978, Begizta espazio infinituak). Lan horiei esker, sari ugari jaso ditu Adamsek: besteak beste, Londresko Errege Elkarteko Sylvester domina (1982), topologia aljebraikoaren arloko problema garrantzitsuak ebazteagatik eta haiek ebazteko erabilitako metodoengatik.