Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Adams, Gerry

Politikari irlandarra (Belfast, Ipar Irlanda, 1948). Errepublikaren alde borrokatzeagatik poliziaren zapalkuntza jasan behar izan zuen aitaren pausoak jarraituz, Gerry Adams bera ere ekintzaile politiko sutsua izan zen gaztetatik, 1969an Ulsterren katolikoen eta unionista protestanteen arteko gerra piztu zenetik. 1973. urtean, bigarren aldiz atxilotu zutenean, kartzelatik ihes egin eta Irlandara itzultzea lortu zuen. Ordutik aurrera gero eta kargu garrantzitsuagoak izan zituen Sin Feinen, Irlandaren askatasun politikoa eskatzen duen mugimendu abertzalean, zeinaren adar militarra Irlandaren Askatasunerako Armada (IRA) baita. 1972an hasi zen IRAren lehen su-etena, eta Gerry Adams eta Martin MacGuines, Sinn Feinen ordezkariak, William Whitelaw, Ulsterrerako ministroarekin elkarrizketatu ziren, baina bilerak porrot egin zuen. 1973-1974 bitarteko epean boterea unionisten eta katolikoen artean banatzeko saioa egin zen eta IRAk su-etena iragarri zuen bigarren aldiz; hiru hilabete iraun zuen oraingoan. Hurrengo su-etena 1975ean izan zen, gobernu britainiarra ezkutuan Gerry Adamsekin bildu ondoren. Downing Streeteko gobernuak ehunka atxilotu errepublikar askatu zituen, baina porrot egin zuen berriz ere, adostasun politikorik iritsi ez zelako. 1982an Adamsek aulkia lortu zuen Britainia Handiko parlamentuan, baina inoiz ez zuen bete. Bi urte geroago erakundearen buru aukeratu zuten. IRAren atentatuak zirela eta, negoziazioak geldirik zeuden eta gobernu britainiarrak debekatu egin zien Sinn Feinen buruei telebistan hitz egitea. 1992ko apirilean hauteskunde orokorrak egin ziren Erresuma Batuan eta Sinn Feinen buruak galdu egin zuen 10 urte lehenago ateratako aulkia. Handik bi egunera, Londresen 3 hildako eta 90 zauritu utzi zituen IRAren atentatuen erantzukizuna leporatu zioten Adamsi. 1993an negoziazio amaigabeak hasi zituen Irlandako gobernuarekin. John Hume, Alderdi Laborista Sozialdemokrataren burua izan zen bitarteko. Biek batera inoiz argirik ikusi ez duen dokumentu bat idatzi zuten eta Albert Reynoldsi, Irlandako Lehen ministroari bidali zioten. Urte bereko ekainaren 9an, atentatu bat jasan zuen Adamsen etxeak eta bere emazteak eta semeak kalteak izan zituzten. 1994ko abuztuan IRAk su-eten iraunkor eta baldintzarik gabea iragarri zuen. 1996ko otsailean bertan behera gelditu zen su-etena. Adamsek ahaleginak egin zituen bere burua eta Sinn Fein IRArengandik aldentzen, baina gobernu britainiarrari ere agindutako elkarrizketak egin ez izana leporatu zion. Nolanahi delarik ere, Adams izan da IRAk 1994. eta 1997. urteetan agindutako su-etenen eragile nagusietako bat. Sinn Fein alderdiko buruzagia da.