Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Abdeltawwab, Youssef

Egiptoar idazlea (Alfashn, Beniswef, 1928). Haur literaturako idazle gisa nabarmendu da batez ere. Hasieratik saiatu da bereizten haur literatura eta haurrentzat idatzitako testuak. Egile asko saiatu izan dira haurrentzako literatura egiten, baina Abdeltawwabek ahalegin horiek guztiak bai kopuruz bai kalitatez gainditu dituena. Bere ustez haurren irudimena mugarik ez duen unibertsoa da, irudiz, pertsonaiez eta gertaerez betea, eta lagundu egin behar zaie beren unibertsoa eraikitzen, beren kasa osaturiko ikuspegien arabera eta beraiek nahi duten bezala berreraiki ez dezaten mundua. Abdeltawwabek ehunka liburu idatzi ditu, arabieraz eta ingelesez, horien artean eleberriak, olerkiak eta antzerkiak. Bere lan nagusietako bat Mahomaren bizitza ipuin liluragarria da, zeinetan animaliek eta objektu bizigabeek kontatzen baitute igarlearen bizitza. Arabieraz idatzitako lanetan azpimarratzekoak ditu Hassan eta Ihsan, Ibn-en (1969); Izeba Ni'ina, arabieraz haurrentzat idatziriko lehenengo antzerki lana, seguruenik; Koloreak, bederatzi liburuz osaturiko bilduma; Goazen irakurtzera (1999), 15 liburukiz osaturikoa, etab. Ingelesezkoetan, berriz, aipagarriak dira Arab Pioneers and Western Scientists in a Strange Encounter (1984), zeinetan agertu baitzituen mende desberdinetako baina zientzia alor bereko mendebaldeko zientzialarien eta arabiar zientzialarien arteko elkarrizketak, eta The Dancing Skeleton kontakizun laburren bilduma. Literatura lanak idazteaz gainera, arabiar herrialdeetarako hainbat irrati eta telebistatarako lan egin du. Hainbat sari eman dizkiote, besteak beste, Nazioarteko Literatura Saria, 1991n.