Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Abdelghani, Mohamed

Aljeriar politikaria (Oran, 1927). Bigarren mailako ikasketak egin zituen Oranen. 1943an, Messali Hadj buru zuen Aljeriako Herriaren Alderdiko kide egin zen. Frantziaren aurkako matxinada lehertu zenean (1954), Nazio Askatasunaren Frontearekin harremanetan hasi eta Kairora bidali zuten. 1956tik 1962ra bitartean, berriz, Aljeriako ekialde eta mendebaldeko hainbat gune militarretako buru izan zen. 1974an, gudarostea utzi eta Ahmed Medeghri hilberriaren ordezko izan zen Barne ministerioan, eta gobernu berria eratu zenean, 1977an, kargu berean berretsi zuten. Geroago, Lehen ministro karguan ere aritu zen, 1984 arte, eta urte horretan Estatu ministro izendatu zuten. Kargu hori 1988an utzi zuen, Aljeriako konstituzio aldaketa egin ondorengo lehen gobernua izendatu zenean.