Departamento de Cultura y Política Lingüística

Titikaka

Erdialdeko Andeetako goi-ordokiko edo Altiplanoko aintzira handia, Peruko (ipar-mendebalean) eta Boliviako (hego-ekialdean) mugetan. Ontziz ibil daitekeen munduko aintzira garaiena da, eta, hedadurari dagokionez, Hego Amerikako bigarren aintzira; itsas mailatik 3.810 m-ko garaieran dago eta 8.300 km2-ko eremua hartzen du. 300 m-ko da aintziraren sakonera handiena eta kostaldeetan sakonera txikiko badiak zabaltzen dira. 25 ibaiek edo isurtzen dute ura aintziran; Ramis izenekoa da guztietan garrantzitsuena. Aintziran biltzen den ibaietako ur gehiena, ordea, lurrundu egiten da Eguzki irraden indarragatik eta goi-ordokiko haize lehorrengatik. Aintziraren hegoaldetik Desaguadero ibaia irteten da eta Boliviako Poopo aintziraraino eramaten du ura. 41 uharte txiki daude. Kitxuak eta aimarak bizi dira bertan, eta aimara hizkuntzan mintzatzen dira. Puno (Peru aldean) eta Guaqui (Bolivia aldean) dira aintziraren ertzeko hiri nagusiak. Bertan Amerikako kulturarik zaharrenetakoak sortu ziren. Hegoaldeko kostaldetik hurbil Tiahuanaco hiriaren hondakinak daude. Tradizioaren arabera, Sol edo Titikaka uhartean (aintzirako uharterik handienean) sortu zen inka herria.