Riesman, David
Estatubatuar soziologoa (Filadelfia, 1909). 1935 eta 1936. urteetan Estatu Batuetako Auzitegi Goreneko Justizia Elkarteko idazkari gisa lan egin zuen. 1937-1941 bitartean zuzenbide irakasle izan zen, Buffalo Unibertsitatean, eta 1942-1943 urteetan New Yorkeko konderriko fiskal nagusiaren laguntzaile. 1946tik aurrera zuzenbideko eskolak eman zituen Chicagoko Unibertsitatean, eta 1958an soziologia irakasle izendatu zuten, Harvarden. Jendetza bakartia (1950) liburua idatzi zuen, Nathan Glazer eta Reuel Denney estatubatuar soziologoekin elkarlanean; arrakasta handia lortu zuen, baina eztabaida sortu zuen aldi berean. Liburuan, Estatu Batuetan gertatutako gizarte aldaketa aztertu zuten egileek; haien ustez, Estatu Batuetako gizartea gizarte autogobernatua eta indibidualista izatetik –gurasoen esanetara egotetik– gizarte heterogobernatua izatera igaro zen –konformekeriak eta masen portaerak markatua–. Riesmanen arabera lehiakortasun handiko gizartea izatetik (ekonomia eta demografia hazkunde handikoa) demografia eta ekonomia egonkorreko gizartea izatera igarotzean gertatu zen aldaketa. Orobat kritikatu zuen industrializazio ondorengo gizartea, gizabanakoa nortasunik gabe eta gizarte harreman estandarizatuen mendean utzi zuelako.