Departamento de Cultura y Política Lingüística

Richardson, Tony

Ingeles zinemagilea (Shipley, 1928 - Los Angeles, 1991). Royal Court Theatre-ren sortzaileetako bat izan zen; han John Osborneren Look Back in Anger eta The Entertainer antzezlanak zuzendu zituen, eta 1960 inguruan zinemaratu. Film labur batzuk egin ondoren, A Taste of Honey (1961, Ezti zaporea) eta The Loneliness of The Long Distance Runner (1962, Luzeko korrikalariaren bakardadea) filmak egin zituen, Free Cinema-ren erakusgarri bikainak direnak. Tom Jones (1963) filmak oso harrera ona izan zuen nazioartean. Estatu Batuetan egin zituen filmetan Free Cinema-ren ezaugarri etiko eta estetikoak baztertu zituen eta ez zion aurreko mailari eutsi, tartean arrakasta handiko filmak egin bazituen ere: The Charge of the Light Brigade (1968, Brigada arinaren erasoa), Ned Kelly (1970).