Departamento de Cultura y Política Lingüística

Krebs, Charles

Estatubatuar zoologo eta ekologista (St. Louis, Missouri, 1936). Ikasle garaian, St. Louiseko larru saltegi batentzat lan egin zuen udetan, fokak harrapatuz Bering itsasoan. Minnesota Unibertsitatean ikasketak egindakoan (1957), Vancouverrera joan zen, Dennis Chittyrekin ikastera, lemming ugaztunetan aditua bera. Britainiar Columbiako Unibertsitateko ikastaldia bukatuta (1962), eta Berkeleyn bi urtez ikerkuntzan aritu ondoren, jaioterrira itzuli zen ostera, zoologia irakastera Indianako Unibertsitatean. 1970ean Vancouverrera itzuli zen eta harrezkero zoologia irakasle izan da Britainiar Columbiako Unibertsitatean. Lemmingen eta iparraldeko beste ugaztun txiki batzuen kopurua zenbait urtez behin (lau-hamar urte bitarteko epean) bat-batean izugarri murriztea zergatik gertatzen den argitzea izan da bere lanaren helburu nagusia. Misterio hori argitzen saiatzeko, futbol zelai baten neurriko belardi bat hesiz inguratu zuen, hesi barruan bizitzen jarritako sagu populazioarekin zer gertatzen den ikusteko. Urtebetean bakarrik sagu populazioa bost aldiz handitu zen. Krebsen ustez, bizi baldintzak gogortu ahala, eta hautaketa naturalaren kariaz, banako oldarkorrenak nagusitzen dira. Azkeneko populazio galera edo hilketa handi bat-batekoa, berriz, badirudi amek eragina dela, auzo habietako ume guztiak hiltzen dituztelako.