Departamento de Cultura y Política Lingüística

ijito

iz. Jatorriz Indiakoa den herri ibiltaria; herri horretako kidea, buhamea. || Ijito(-)sardina. Sardinaren antzeko arraina, jateko ona (Sprattus sprattus).  v  Nahiz eta egiptoarrak zirela uste izan, antropologoen ikerkuntzek diotenez Indiaren iparraldean dute jatorria ijitoek. XV. mendearen hasieran etorri omen ziren Europa aldera; egun mundu osoan zehar sakabanatuak bizi dira. Ijitoek Indiaren iparraldeko indoeuropar hizkuntzekin lotura handia duen Romani deritzon hizkuntza hitz egiten dute. Europan, bizi diren herrialdearen arabera, 13 dialekto bereizten dira; dialekto horiek herrialde bakoitzaren hizkuntzatik hartutako hitz mailegatu asko dituzte. Espainian, adibidez, hitz egiten zuten dialektoari germanía edo caló esaten zaio, nahiz eta germanía gaizki erabilitako izena izan, Espainiako gaizkileek antzina erabiltzen zuten hizkerari esaten baitzitzaion.  v  Ijitoen legeak leialtasun printzipioan oinarritzen dira. Urteetan zehar izan duten gizartekotzeko zailtasunari eta gaur egungo gizarte modernoarekin maiz bat ez datorren kultura bitxiari eusteko nahia izan dira, besteak beste, ijitoak jasan dituzten esetsaldien zergatiak; II. Mundu Gerran, Hitleren arrazakeriak bultzaturiko jazarpenak zirela eta milaka izan ziren hildako ijitoak.  v  Ijitoak Euskal Herrian. Euskal Herrira ijitoak XV. mendearen hasieran hasi ziren Euskal Herrira etortzen. Beren bizimodu arloteagatik eta ustez behintzat, hainbat lapurretaren errudun zirelako, ez ziren oso ontzat hartuak; hori dela eta, bai iparraldean (Lapurdi eta Behe Nafarroan, batik bat) eta bai hegoaldean, XVI., XVII. eta XVIII. mendearen zati batean, ijitoek oso esetsaldi gogorrak jasan zituzten: egozketak, kartzelatzeak, zigorrak, etab. Hego Euskal Herrian adibidez, XVIII. mendean Fernando VI.ak agindutako ijito familien banaketa ugari egin zen Gipuzkoan eta Bizkaian, nahiz eta geroago bertan behera utzi, egiten ari ziren gehiegikeriak zirela eta. XVIII. mendean eta batik bat gizartearen talde ilustratuen eraginez, ijitoen aurkako gaitzespena ahuldu zen, eta ulertzen hasi zen garai batean zituzten, eta egun oraindik dituzten bizi baldintza eskasek bultzatzen zituztela lapurretara. Esespena alde batera utzi zen eta gizarteratze neurriak saiatu ziren bai ipar aldean eta bai hegoaldean. Arazoak, ordea, ez ziren bukatu eta XIX. eta XX. mendean ijitoak Euskal Herriko inguru askotatik izan dira kanporatuak; nahiz eta esespen ofizialak desagertzen joan, jendearen iritzia ez da erraz aldatu, eta behin baino gehiagotan izan dira lapurtzat hartuak eta baztertuak. Egun eta batik bat ijito gazteengan langabeziak eta drogak izan duten eragin deuseztatzaileak areagotuta, arazo asko izan da euskal gizartean, nahiz eta aipatu beharrekoak izan, bai ijitoek eta bai paioek (ijitoentzat ijitoak ez direnak) arazoak konpontzearren egindako aleginak. Hizkuntzari dagokionez, Euskal Herrian ijitoek hitz egiten zuten hizkuntzaren lexikoa azterturik, indoeuropar multzoan sailkatu izan da; euskararen maileguak ere aztertu izan dira. Ijito askok, ordea, euskaraz hitz egin eta hitz egiten dute. Deitura euskaldunak ere ez dira bakarrak (Etxebarria, adibidez).