Helsinki
(Suedieraz, Helsingfors). Finlandiako hiriburua, Finlandiako golkoko penintsula batean. 502.000 biztanle; 965.000, aldiria barne. Finlandiako hiri handiena eta ekonomia zein kultura hiri nagusia. Gobernuaren egoitza. Hiriak bost portu ditu, eta Finlandiako trafiko osoaren erdia biltzen du. Zura eta metalurgia astuna dira sektorerik indartsuenak. Itsasoa alde guztietatik ageri delarik, hiribide handiek, parkeek (Kaisaniemi, Kaivopuisto) eta eraikuntza modernoek Eskandinaviako hiri ikusgarrienetako bat eratzen dute, “Iparraldeko hiri zuria” izengoitiz ezaguna. Erdialdeko auzoak merkatu plazaren inguruan bildurik daude. Eraikuntzarik aipagarrienak: San Nikolas eliza handia (1830-1852), unibertsitatea eta Estatu Kontseilua, tren geltokia, museo nazionala (XIX. mendekoak), olinpiar estadioa eta kultura etxea. Industria: itsasontziolak; metalurgia, mekanika, kimika eta elikadura industria; oihalgintza; zeramika; inprimeria. v Historia. Gustav Vasa Suediako erregeak eraiki zuen 1550ean hiria; 1640ean aldatu zuten gaur egun dagoen tokira (5 km-ra inguru). 1809an Alexandro I.a tsarrak berritik eraiki zuen hiria aurreko urtean sute batek erdi suntsiturik utzi baitzuen. 1812an errusiarren mendeko Finlandiako Dukerri Handiko hiriburu bihurtu zen. 1918an sobietar gobernu baten egoitza izan zen hilabete batzuez. SESBen eta Finlandiaren arteko gerran (1939-1940) eta Bigarren Mundu Gerran une latzak jasan zituen.