Errusia
(Izen ofiziala, Errusiar Federakundea; Errus., Rossiiskaya Federatsiya). Europako estatua, 1991. urtea arte Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko errepubliketako bat izan zena (handiena). Errusia da muga gehiena dituen munduko herrialdea: iparraldean, Ozeano Artikoaren zenbait adar, Barents, Kara, Laptiev, Ekialdeko Siberia eta Txuktxi; ekialdean, Ozeano Barearen zenbait adar, Bering itsasartea (Errusia eta Alaska banatzen dituena), Bering Itsasoa, eta Ojotsk eta Japoniako itsasoak; hegoaldean, Txina, Mongolia, Kazakhstan, Azerbaijan, Georgia eta Itsaso Beltza; hego-ekialdean, Ukraina; mendebaldean, Polonia, Bielorrusia, Lituania, Letonia, Estonia, Finlandiako golkoa eta Finlandia, eta ipar-mendebaldean, Norvegia. 17.075.400 km2 eta 142.000.000 biztanle (2008, errusiarrak). Hiriburua: Mosku. Hizkuntza: errusiera (ofiziala), eta besteak. Dirua: errublo berria. Herriak: errusiarrak (% 79,8), tatariarrak (% 3,8), kaukasiarrak (% 2). Erlijioak: kristau ortodoxoak (% 82), musulmanak, besteak. ■ Errusia zelai, oihan, basamortu eta tundra hedadura izugarria da, “garai nahasi” asko bizi izan duena: mongoliarren agintea XIII-XV. mendeetan; tsarren agintaldi beldurgarriak; suediar, frantses eta alemaniarren inbasio masiboak, eta aro komunista (1917-91), Errusiak eremu ikaragarri handia –Sobiet Batasuna– menderatzen zuena. Mikhail Gorbatxov Alderdiko Komunistako idazkari orokorrak (1985-91), komunismoa modernoagotzeko asmotan, glasnost (“gardentasuna”) eta perestroika (“berrikuntza”) ezarri zituen; aldi berean ordea, abian jarri zuen Sobiet Batasuna 1991. urteko abenduan hamabost errepublika independeetan zatituko zuen prozesua. 1991ko abuztuan, gobernuko ministro marxista batzuek estatu kolpe bat jo zuten, Gorbatxoven gobernuaren erreformak baliogabetzeko eta errepubliken gaineko kontrola beren gain hartzeko. Kolpeak huts egin zuen, baina Gorbatxoven boterea asko ahuldu zen, eta Eltsinen ospeak gora egin zuen. Orduz geroztik, Errusiak ahalegin izugarriak egin zituen politika sistema demokratikoa eraikitzen, eta, aro komunistako gizarte, politika eta ekonomia kontrolak ordezkatuz, merkatuko ekonomia egituratzen. Erreforma ahalegin horiek ekonomia eta politika araudi eta praktika nahasiak ekarri zituzten. Industriak, nekazaritzak, egitura militarrak, gobernu zentralak eta diruak (errubloa) kalte handiak izan zituzten; baina, aldi berean, 1991z gero, zenbait hauteskunde egitea lortu zen, lehendakaritzakoak eta legebiltzarrekoak batik bat, eta eskualdeko hauteskunde asko ere bai. Boris Eltsin presidenteak Gorbatxovek dimisioa ematean hartu zuen aginpidea. Estatu kolpe saioaren ondoren izandako jarreraren ondoren, Eltsinek ospe handia izan zuen atzerrian, demokrataren itxuran agertu baitzen, baina bere agintaldia oso autokratikoa izan zen. Enfrentamendu handiak izan zituen legebiltzarrarekin, harik eta, 1993an, Eltsinek legebiltzarra bonbadartzera tankeak bidali zituen arte. Harrezkero, Eltsinek ez zuen trabarik izan bere neurriko konstituzio bat inposatzeko. Eltsinen agintaldian bultzatutako erreforma ekonomikoek sekulako eragina izan zuten biztanle gehienen bizi mailan. 1990eko hamarraldian, Errusia gainbehera ekonomiko izugarrian murgildu zen, eta miseria latzera eraman zituen milioika errusiar. Testuinguru horretan, alderdi nazionalistak eta komunistak gora egin zuten. Erreforma ekonomikoek oligarkia sasikriminal bat eraman zuten agintera, sovietar sistema zaharrean errotutako buruzagi batzuek osatua. Mendebaldeko erakunde ekonomikoen eraginez, ikaragarrizko pribatizazio prozesu bat jarri zuen abian Errusiako gobernuak. Aberats berrien klase berri bat sortu zen, askotan mafiatik oso hurbil zegoena. 2000. Urtean, Eltsinek dimisioa eman zuen, eta Vladimir Putin, KGBko funtzionario ohia izendatu zuten lehendakari. Putinen agintaldiak 2008 arte iraun zuen, eta erakundeen eta herritarren gaineko kontrol zorrotza izan zuen ezaugarrietako bat; aldi berean, mafiaren inguruko aberats berrien klasearen eta herri xehearen arteko aldea areagotuz joan zen, eta giza eskubideak gero eta gehiago urratuz joan ziren, Txetxenian ezarritako errepresio basatiak erakusten duen bezala. Inguruko errepublika batzuekiko liskarrak ere etengabeak izan dira, hala nola, Ukrainarekin eta Georgiarekin, hainbesteraino, non, 2008ko udan, errusiar armadak Georgiaren parte bat inbaditu zuen. 2008 ezkero, Putinen jarraitzale Dmitri Medvédev da Errusiako lehendakaria. ■ Lurraldearen neurria eta zailtasunak. Errusia, eremuari dagokionez, munduko herrialderik handiena da, baina munduko itsasbide nagusiei dagokienez kokapen desegokia du; eta neurriz hain handia izanik ere, leku askotan eta askotan lurra eta klima, hotzegiak edo beroegiak izanik, txarrak dira nekazaritzarako. ■ Itsasoak. Errusiarrak dira gaur Sobiet Batasuna ohiaren kostalde gehien-gehienak: 40.000 km-ko itsasertza du. Baina kostalde horiek sarritan ezin dira erabili. Iparraldean, hilabete askoan egoten dira izoztuak Ozeano Artikoko kostaldeko itsasoak. Mendebaldean eta hegoaldean, Ozeano Atlantikotik urrun geratzen dira Itsaso Baltikoa, Azoveko itsasoa eta Itsaso Beltza, nahiz eta zenbait itsasarteren bidez lotuta egon. Kaspiar Itsasoa, munduko aintzirarik handiena, ertzetako herrialdeen arteko auzi sorburua da, oso aberatsa baita hidrokarburoetan. Aldiz, Ozeano Bareko itsasertza, mendebaldean, aski irekia da, baina Errusiako erdigunetik oso urruti egonik, nahiko bazterrekoa da. ■ Klimaren gogortasuna. Latitudeak (50. paralelotik gora dago Errusiaren % 90), baina, batez ere, itsasotik urruti egoteak eta erliebearen nolakotasunak, esplikatzen dute klima kontinentala izatea, areago zenbat eta ekialderago, eta neguak ikaragarri gogorrak dira (tenperatura apalen absolutua -43 °C da Moskun eta -68 °C Siberia ekialdean). Itsasoek oso eragin moderatzaile gutxi dute, eta erliebe falta dela-eta Iparraldeko haize izoztuek oso barruraraino sartzen dira. Kaukasoaren iparraldean da bakarrik laburra negu gogorra: lurraldearen bi heren baino gehiagotan, hain zuzen, sei hilabete jarraituko izotza izaten da, eta urtarrileko batez bestekoak -20 °Ctik beherakoak izaten dira. Pergelisolak (beti izoztua dagoen lurra), errusieraz merzlota deritzanak, lurralde osoaren % 59 estaltzen du, eta sakonean 1.500 metrora iristen da Jakutian. Udaberria oso bat-batean hasten da eta oso laburra izaten da, eta izotzaren urtzeak (rasputitsa), uholdeak eragiten ditu, eta lurra lokatz bihurtzen. Uda beroa eta aski lehorra izaten da. Euria askoz gehiago egiten du Errusia europarrean Uralen ekialdean baino; mendikate hori klima muga zehatza da, mendiak garaiak ez izan arren. ■ Biztanleak. Errusia hainbat eratako barrutitan dago banatua: errepublika autonomoak, eskualdeak, lurraldeak eta barruti autonomoak eta nazionalak. Lurraldearen hedadurak, batetik, eta herri-nazio kopuruak, bestetik, alde handiak ekarri ditu demografian eta ekonomian. Errusian ehun talde etnikotik gora bizi dira, nahiz eta errusiarrak diren gehienak. Batez besteko dentsitatea txikia da (9 bizt./km2), baina eskualdeen araberako aldeak oso handiak dira: Europako Errusian bizi dira (lurralde osoaren laurden batean) biztanleen % 80 inguru. Asiako Errusian, burdinbidearen inguruan bizi da biztanleria (transiberianoa), eta oso eskasa da. Gobernuak emigranteak eraman nahi ditu Ozeano Bareko hegoaldeko kostaldera, eta orobat Siberia Mendebaldera eta erdialdera. Biztanleen ugaritasun etnikoa oso handia da: 1989an, baziren 69 “nazio” jatorriz Errusiako lurraldekoak, eta beste 59, Sobiet Batasuneko gainerako lekuetatik etorriak. Errusiarrak dira talde handiena (% 80); altaikoak (turkiarrak, mongolak) dira hurrengoa, % 7. Errusiar ez direnen ia % 65k badute beren nazio lurraldea –errepublika edo eskualde autonomoa–, eta, hortaz, lurralde propiorik gabeko etniek baino hobeto gorde dituzte kultura eta hizkuntza berezitasunak. Hiri gehienak etnia-anitzak dira, baina errusiarrek agintzen dute denetan, herri eta herrixketan ez bezala. ■ Migrazioek orekatzen dute hein batean biztanleriaren beherakada, azken urteotan oso handia izan dena. Sobiet Batasuneko antzinako errepubliketan zeuden errusiarren itzulerak (1960ko hamarraldian hasi zen), eta Sobiet Batasunaren desagertzeak areagotu egin du biztanleen mugimendua: errepublika askotan diskriminazio latza pairatzen dute errusiarrek, eta alde egiten dute. Migrazioaren balantza, hortaz, oso positiboa da: urteen arabera, 100.000 eta 600.000 lagun bitartekoa (erdiak ez errusiarrak). SESB ohitik kanporako emigrazioa urteko ehun mila bat lagunekoa da, eta oso jende kualifikatua izaten da alde egiten duena. Eskualdeen arteko migrazioek, SESBan beti handiak izan zirenak, zerbait moteldu dute ekonomia krisia. ■ Hiriak eta herriak. 1950go hamarraldiaz gero da Errusian hirietako biztanleria landaldekoa baino ugariagoa. Herri urrunegiak edo biztanle gutxikoak ezabatzeko politika bultzatu zen, modu kaotikoan, komunismoaren garaian, eta politika hori bazterrera utzi zen Breznev-en garaian. Aldiz, datxa kopuruak (landaldeko etxeak) oso gora egin du 1980tik aurrera. Hirietako biztanleria asko hazi da XX. mendean. Hiri gehienak sobietarren garaian sortu ziren; hiri handienen garapenari eman zitzaien garrantziak, errentagarriagoak eta arrazionalagoak zirelakoan, lurraldearen desoreka ekarri du. Hala, sobietar erregimenaren zentralizazio ezin zorrotzagoa izan da desoreka horren sorburua. Hamairu hiritan biltzen da gaur errusiar hirietako biztanleriaren laurdena. Hauek dira hiri nagusiak: Mosku, San Petersburgo, Nizni Novgorod, Ekaterinburg, Samara, Omsk, Txeliabinsk, Kazan. Azpiegiturak eskasak dira ordea, eta are eskasagoak sobietarrek hutsetik sortu zituzten hiri txikiagoetan (100.000 biztanletik behera). ■ Ehun hizkuntzatik gora erabiltzen dira, eta zenbait errepublikatan, errusieraz gainera, bertako hizkuntza hizkuntza ofizialtzat hartu dute. 1992. urteaz geroztik Errusiako biztanle hazkundeak beherakada izugarria izan du (emankortasun tasa, 1999an, 1,3 haur emakumeko zen). Beherakada horren arrazoiak hauek dira: bizitza maila jaistea, alkoholismoarekin eta suizidioarekin zerikusia duten heriotzak ugaritzea, difteriaren eta tuberkulosiaren antzeko izurriak zabaltzea, haurren heriotza tasa igotzea (23 heriotza 1.000 jaioberri biziko, 1999an). Egoera politikoak eta ekonomikoak ez du hazkunde demografikoa bultzatzen, baina horrez gainera,beste zenbait faktore ere hartu behar da kontuan: Bigarren Mundu Gerraren ondoren sortu zen gizonezko eta emakumezkoen arteko desoreka; haurdun ez gelditzeko sistema gisa abortua erabiltzeak antzutasun kasuak gehitu ditu; haurren hilkortasuna zuzenean dago lotua ospitalen egoera txarrari, eta jaioberrien elikadura eskasari. Sobiet Batasunaren garaian langabeziarik ez bazegoen ere, ekonomiaren aldaketaren ondorio zuzena langabezia haztea izan da, eta 1998an % 11ra iritsi zen. Zenbait lantegiren hondamenak –eta ekonomia aparatu osoarenak, oro har– oso egoera larrian utzi du biztanleen zati handi bat. Aberatsen eta pobreen arteko desberdintasunak nabarmendu egin dira, oro har. Biztanleen % 28,6 pobretasun mailatik behera dago (1998). ■ Garraioak. Garraioen azpiegituraren egoera oso larria da gaur Errusiar Federakundean. Alde batetik, Sobiet Batasuna desagertu delarik –espazio koherente baten moduan antolatua zegoen hura–, mugen ugalketarekin, izugarrizko kontraesanak eta arazoak sortu dira. Bestalde, garraioen pribatizazioak oso ondorio kaltegarriak izan ditu, egin beharreko inbertsioen zenbatekoa oso handia baita. Sektore horren ahultasuna nolanahi ere ez da berria, nahiz eta ahalegin handiak egin diren aspalditik, burdinbideetan bereziki. Hornikuntzak zaharkituak egoteak kinka larrian jarri du Errusian funtsezkoa den sektore hau. ■ Ekonomia. SESB desagertu zenetik, merkatu ekonomia modernoa antolatzen saiatzen ari da Errusia. Barne produktu gordinak behera egin du nabarmen (-% 5, 1998), nahiz eta Errusiak baliabide natural asko duen, eta biztanleen heziketa maila garaia izan; bestalde, industria gero eta atzeratuago dago. 1997. urtearen amaieran Errusiak zenbait aurrerakuntza lortu zuen: inflazioa kontrolatu zen, errubloa egonkortu zen eta pribatizazio programa baten bidez milaka eta milaka enpresa esku pribatuetara igaro zen. Baina 1998an, Asiako ekonomia krisiaren ondorioz, lehenbizi petrolio esportazioak jaitsi ziren, eta, ondoren, atzerriko inbertsioek alde egin zuten. Eta are gehiago larritu zen egoera 1998an gobernuak ezin geldiarazi izan zuenean errubloaren jaitsiera, eta ordaindu gabe utzi zituenean 40 mila milioi dolarreko errublo obligazio. Errusiar ekonomiak arazo larriak ditu: finantza eta lege sistema atzeratua du, egitura militar-industrialaren berriztatzea oso motel doa, eta aurrekontu defizita handia da, besteak beste, gobernuak ez baitira gai zergak biltzeko. Orobat oztopatu dute Errusia merkatu ekonomian sartzea soldaten ordainketa atzerapenak, truke ekonomiak eta oso zabaldua dagoen ustelkeriak. Biztanleriaren beherakada handiak areagotzen du ekonomia arazoen larritasuna. ■ Historia. Azken urteak. 1991ko abenduan Sobiet Batasuna desegin zen eta Estatu Burujabeen Batasuna osatu zen. Boris Eltsin izan zen Errusiar Federakundearen Errepublikako lehen presidentea. Merkatuko ekonomiaren bideari heldu zion presidenteak, baina ekonomiaren geldialdia luzatu egin zen, eta diputatu komunista kontserbadoreen oposizioari aurre egin behar izan zion Eltsinek. Matxinada saio baten ondoren –gudarosteak legebiltzarra hartu zuen 1993ko urriaren 3-4an–, Eltsinek konstituzio berri bat ezarri zuen erreferendum bidez, presidentearen aginpidea indartzen zuena. 1994. urtean hitzarmen bat izenpetu zuen Tatarstan-go errepublikarekin, eta beste bat izenpetu nahi izan zuen Eltsin-ek Txetxeniarekin. Azken errepublika horren eta Moskuren arteko gorabeherak, ordea, larritu egin ziren eta Eltsinek gudarostea bidaltzea erabaki zuen azkenean. Errusian bertan eta Errusiatik kanpora Grozniren (Txetxeniako hiriburua) kontrako erasoaldien kontrako protestak ugariak izan baziren ere, presidenteak aurrera jarraitu zuen bere asmoarekin. 1995. urteko hauteskundeak komunistek irabazi zituzten; emaitza horien ondorioz, Eltsin beldur zen hurrengo urteko lehendakaritzarako hauteskundeetan galtzaile irtengo ote zen. Orduan, Eltsin saiatu zen bere politika aldatzen, pribatizazioak etenez batetik, eta bestetik, Eugen Primakov izendatu zuen kantziler (Gorbatxoven inguruko diplomatikoa). Oposizioan ziren buruzagi guztiek gogor kritikatu zuten Eltsinen eta bere ingurukoen espekulazioa, ustelkeria eta haren erregimena oro har. Baina hauteskundeen bigarren saioan Eltsinek botoen % 53,8 lortu zuen, eta garaile irten zen Alexander Lebed-ekin (oposizioko hautagaietako bat) egin zuen itunari esker. Lebed estatuko segurtasun aholkulari izendatu zuen, eta kargura iritsi bezain azkar saiatu zen Txetxeniako gerra amaitzen. Eltsinek ebakuntza bat egin behar zuelako albistea zabaldu zenean, Lebed eta Txernomirdin Lehen Ministroa izan ziren gobernurako hautagai. Baina 1997an Eltsin aginpidera itzuli zenean, bere taldea berriro antolatzen saiatu zen, eta estatuko gastuak murrizteko eta pribatizatzeko plan bat jarri zuen abian. Biztanleen bizi baldintzak beherantz jarraitzen zuten; merkatu ekonomiarako bideak kalte handia egin zien produkzio tresnei, gizartearen babeserako sistemak hankaz gora jarri zituen, eta mafiak indartzea eragin zuen (1997an mafiek kontrolatzen zuten bankuen % 73). Mafia horrek material nuklearraren trukearekin ateratzen zituen irabazi gehienak. Urte horretan bertan Eltsinek hitzarmen bat izenpetu zuen Txetxeniarekin, zeinaren arabera autonomia maila handia onartzen zitzaion errepublika horri. Hitzarmenaren egunean bertan, Errusiako Banku Zentralak Txetxeniako bankuarekin batera konponketa bat izenpetu zuten: Txetxeniak errubloa mantenduko zuen diru gisa, baina Moskuk ez zuen hango bankua kontrolatuko. 1998an Txernomyrdin Lehen Ministro kargura itzuli zen errubloaren debaluazioa eta gero. Baina ez zuen Dumaren babesa lortu. Azkenik, Eugen Primakov kantzilerra jarri zen Lehen Ministro. Garai horretan egoera oso larria zen, eta ugariak ziren grebak. Baina Primakov ere ez zen denbora luzean egon karguan, Eltsinek 1999ko maiatzean kargutik kentzea erabaki baitzuen. Haren lekuan Serguei Stepatxine jarri zuen, baina 1999ko abuztuan Vladimir Putinek hartu zuen Lehen Ministro kargua. ■ Nazioarteko harremanak. SESBren ondorengo gisa, Errusiar Federakundeak beto eskubidea du NBEko Segurtasun batzordean. Errusiako estatu berriak bi helburu nagusi ditu: batetik, potentzia handiaren estatutua nazioartean gorde, eta, bestetik, “gertuko atzerritar”aren herrian (hau da, antzinako sobietar espazioan) bere interesak zaindu. Nazioarteko erakunde handietan dago Errusia, eta ez du eten armak murrizteko plangintza. Harreman geopolitikoak ere gorde ditu, eta Estatu Batuen kontrakoa da mundu politikako puntu askotan. NATO ekialderantz zabaltzeak ekarri ditu tentsio handienak gerra hotzeko bi arerio ohien artera. Oso kontra egon ondoren, Errusiak onartu zuen Polonia, Hungaria eta Txekiar Errepublika NATOri lotzea, eta 1994an “bakerako lankidetza” hitzarmen bat izenpetu zuen Atlantikoko Organizazioarekin. 1999ko udaberriko Kosovoko krisiak (NATOk Jugoslavian egindako aireko erasoek biziagotua) argi azaldu zuen Errusiaren ahultzea nazioarteko mailan. Hasieran Milosevic-en politikaren aurkako esku hartze militarraren guztiz kontrako agertu zen, baina gero, funtsean, onartu egin zituen NATOk erasoak gelditzeko jarri zituen baldintzak. Gatazkak iraun zuen hiru hilabeteetan, Errusia sarritan ahalegindu zen Milosevic-en negoziazioak egiten, hein batean Aliatuek bultzatuta, haiek ez baitzituzten negoziazioak baztertu nahi. Errusiaren eta Aliatuen lankidetza argia izan zen gatazka bukarazi zuen arautegian: bake plangintza, Milosevic-ek baldintzarik gabe onartua, Zazpi Handien taldeak eta Errusiak prestatua zen; Kosovoko bakea zaintzeko ipini zen gudaroste nazio-anitzean (KFOR), baziren errusiar osteak. ■ Barne arazoak. Arazo larriak ditu Federakundeak Moldavian (Trandsniestria, non Sobiet Batasun ohiaren armadak esku hartu baitzuen errusiar hizkuntzazko gehiengoaren alde), eta Ukrainan (Krimearen estatutua eta Itsaso Beltzeko itsasontzidia dela-eta). Estatu Burujabeen Batasunak, beraz, ez du pisu handirik eskualdeko erakunde gisa; aldiz, hitzarmenak bitarikoak edo askotarikoak dira, hala Kazakhstan, Kirgizistan, eta Bielorrusiarekin Errusiak 1996an izenpetu zuen hitzarmen laukoitza. Ildo beretik, 1996an errusiar-bielorrusiar “elkargo” bat sortu zen, hurrengo urtean “batasun hitzarmen” bat izenpetu zuten bi herrialdeek, eta 1998an bi estatuak etorkizunean bat egiteko akordio bat. Era berean, Ukrainarekiko gatazka, 1995ean oso larria izan zena, 1997an izenpetu zen adiskidetasun hitzarmen baten bidez konpondu bide da.