Departamento de Cultura y Política Lingüística

Erroma

(It. Roma). Italia erdialdeko hiria, errepublika hartako hiriburua. Lazio izeneko herrialdeko hiriburua da eta Tiber ibaiaren ertzean dago, Tirreniar Itsasotik 25 bat km-ra. 2.840.259 biztanle (1981). Hiriburu handi gehienetan ez bezala, Erromako hiriguneak ez du hiri barrutiaren hedadura guztia (1.508 km2) hartzen. Auzo hauek bereizten dira Erroman: hogeita bi rioni (hiri zaharra); hogeita hamabost quartieri (horietako hiru itsasertzean, Ostian eta Castel Fusanon), berriagoak; sei suburbi edo erabat urbanizatu gabe dauden aldiriak eta Agro Romano, Mussoliniren garaian paduretan antolatu zen Erromako baserri aldea. Erromako hiriaren barnean daude halaber Italiako estatuaren mendeko ez den Vatikanoko Hiria eta haren jabegoak. Erromako hiria zazpi mendixka ospetsuren babesean sortu eta hazi zen (Aventino, Coelius, Kapitolio, Esquilino, Palatino, Quirinal, Viminal). Tiber ibaia igarotzen da mendebaletik eta haren eskuinaldean hedatu zen nagusiki hirialdea.  v  Erromako hirialde zaharra. Kapitolioko hego eta hego-ekialdean dago antzinako hiria. Bertan daude foroak, Coliseoa, Trajanoren parkea, Urrezko etxea, Marceloren antzokia, Palatinoko monumentuak, Circus Maximus zirkua eta Karakalaren bainu-etxeak. Kapitolioan dago Erromako udaletxea eta bertatik abiatzen da Michelangelok marraztu zuen Kapitolioko plaza (Piazza di Campidoglio). Haren ondoren hedatzen da Veneziako plaza (Piazza Venezia), Erromako hiriko bideak egun biltzen dituen gune nagusia. Kapitolioaren mendebalean dago, Tiber ibaiak inguraturik, Martitzen Zelai zaharra (Campus Martius), antzinako Erroman eraiki ziren Panteon eta tenpluak, eta Errenazimentu garaian jaso ziren eraikuntza ederrak (Farnesetarren jauregia, Medicien jauregia [Senatua], Navona plaza, Gesuren eliza). Kapitolioaren iparraldean zabaltzen dira Errenazimentuaren ondorengo auzo burgesak (banketxe eta prentsa idatziaren auzoa gaur egun); ipar-mendebalean, via Vittorio Veneto izeneko hiribidea dago, luxuzko hotelak eta saltokiak direla nagusi. Ekialdean, via Nazionale hiribidea dago eta haren inguruan hedatzen da administrazioaren auzoa (lehendakariaren jauregia, Quirinalen; Italiako Kontseilu Nagusiaren egoitza, ministerioen egoitzak). Via Nazionalearen bukaeran daude piazza Esedra, Dioklezianoren bainu-etxeak, Stazione Termini (Erromako geltoki nagusia) eta Santa Maria Nagusiaren basilika. Kanporago dago Letrango auzoa (San Joan Letrangoa, Erromako katedrala). Tiber ibaiaz bestaldera hedatzen da Trastevereko auzoa, Erdi Aroko juduen eta atzerritarren auzoa. Iparraldean dago Borgo izeneko auzo zaharra (Santangelloko gaztelua dago bertan), eta handik abiatzen da via della Constelazione, San Pedroko basilika eta Vatikanoko hiriraino doan hiribidea. Erromako Borgoren iparraldean hedatzen da Prati izeneko auzo aberatsa.  v  Alde horretan dago antzinako Erroma, 1870 arte Aurelianoren garaiko harresiek inguratu zutena. Bertatik abiatzen ziren Erromatik kanporako bideak eta han ireki ziren katakunbak, lehen kristauen lurpeko hilerriak (Santa Priszilako katakunbak, via Salaria; Santa Ineseko katakunbak, via Nomentana; San Kalistoko katakunbak, via Appia antica). Munduko hiriburu zahar guztien antzera, gero eta bizilagun gutxiago du Erromako hirigune zaharrak (22 rioni izeneko auzoek) eta administrazio, merkataritza eta zerbitzuetarako gune bihurtu da azkenaldi honetan.  v  Erromako auzo berriak. Gero eta biztanle gehiago bizi da Erromako quartieri edo auzo berrietan (2 milioi biztanletik gora). Bertara jo dute inguruko lurraldeetatik eta, batez ere, Italiako hegoaldetik joandako milaka etorkinek. Berdegune zabalak (villa Borguese, villa Savoia, Monte Mario), lorategiak (Janiculoko lorategiak, villa Doria-Pamphili) eta kirolaldeak (Campo della Farnesina) daude hirialde horretan. Guztiz aipagarria da, auzo berri horien artean, Esposizione Universale di Roma (E.U.R) delakoari dagokiona. 1938an hasi ziren eraikitzen, 1942an egin ez zen erakustaldi handi baterako. Administrazio mailako autonomia berezi batez hornitu zuen Mussolinik (gaurko egunean ere indarrean dirau autonomia erregimen horrek) eta, gerra ondoren bukatu eta gero, etxebizitza eta eraikuntza publikoez gainera, kultura (Erromako Zibilizazioaren Museoa), merkataritza (Erromako Feria), industria eta kirol (bertan egin ziren 1960. urtean Erromako Olinpiar Jokoak) eraikuntza handiak egin dira auzo horretan. Metro edo lurpeko burdinbide batek lotzen du E.U.R. auzoa Stazione Termini geltokiarekin (14 km 1980. urtean; Erromako metroa zabaltzeko lanak oso zailak dira, arkeologia aberastasun handiak baitaude hiriko lurpean). Erromako kanpoaldean, autobide batek (Asse atrezzato) inguratzen du hiri guztia, gune historikoa eroso saihestu ahal izateko. Burdinbide sarean, Stazione Termini geltoki nagusiak eta beste bigarren mailako sei geltokik bideratzen dituzte Italia osorako zerbitzuak. Bi aireportu ditu Erromak: Fiumicinoko nazioartekoa eta Ciampino.  v  Ekonomia eta kultura. Erroma antzinako munduko hiri nagusia eta mundu kristaueko hiriburu espirituala izan zen. Mendeetan zehar kanpotik ekarritakoez hornitu zen nagusiki. 1870. urtean, Italiako hiriburu bihurtu zenean, ez zuen industriarik eta gaur egun ere, milioi bat langileren artean, % 2 nekazaritzan ari da (barazkiak, esnekiak, behi eta zerri azienda), % 32 industrian (eraikuntza mekanikoa eta elektromekanikoa, papergintza, liburugintza, ehungintza, janari industria, kimika industria eta petrolio findegia [Fiumicino]) eta % 66 zerbitzutan. Garrantzitsua da zinemaren inguruko industria (Cinecittá izeneko estudio eta laborategiak) eta munta handiko turismoa da Erromakoa (3 milioi bisitari urtean). Arkeologiaz eta arte oroitarriez gainera, Erromako museo eta galerietan munduko arte bilduma garrantzitsuenetakoak daude erakusgai (Vatikanoko museoa, villa Borghese, Galeria nazionala, Erromako museo nazionala, villa Giulia, Kapitolioko museoa). Liburutegi garrantzitsuak (Liburutegi nazionala eta Vatikanokoa). Unibertsitate eta irakaskuntza erakundeak (Erromako Unibertsitatea, Unibertsitate Gregorianoa, Letrango Ateneoa). FAO (Food and agriculture organization), Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritzako Erakundearen egoitza hiria da Erroma, 1945. urteaz geroztik.  v  Historia. Tradizioari jarraiki, K.a. 753. urtean sortu zuen Romulok Erromako hiria, Tiber ibaia inguratzen duten zazpi muinoren arteko zabalgune batean. Hiriaren benetako antolamendua, ordea, etruriarren eskutik etorri zen K.a. VI. mendearen bigarren erdialdean. Etruriarrek egin zituzten Cloaca Maxima, Kapitolioko tenplua eta zazpi muinoak inguratzen zituen harresia. Etruriarren luxuaren ondoren, estilo soilagoak nagusitu ziren Erromako arteetan eta ohituretan, errepublikaren garaian (K.a V.- K.a. II.). Patrizioen etxeak Palatinoko muinoan eraiki ziren eta Aventinora bildu ziren plebeioak. Kapitolioko muinoa zen hiriko gune nagusia; haren oinetan zabaltzen zen Forum edo herrigune nagusia. Bertan zeuden Forum Boarium («idien merkatua») eta Forum Holiturium («barazkien merkatua») izeneko azokak. Circus Maximus izeneko zirkua zen jolastoki nagusia. Harresitik kanpora zabaltzen zen Martitzen Zelaia (Campus Martius), bilkura militar eta zibiletarako lekunea. Errepublikaren bukaeran (K.a. I. m.), aldaketa handiak bideratu ziren hirian: lehen harrizko teatroa eraikiarazi zuen Ponpeiok (K.a. 52), Foruma berritu zuen Zesarrek eta Agripak, Augustoren garaian Erromako gobernari nagusia izan zena (K.a. 33), ur hornidurarako azpiegitura berritu, iturri berriak antolatu, bainutegiak ugaritu eta Panteona eraiki zuen. Augustoren garaian abiarazi zen erlijio berritzea indartzearren, tenplu ugari eraiki eta berritu zen Erroman: Apoloren tenplua, Palatinoan; Bakearen aldarea (Ara pacis augustae) eta Augustoren Mausoleoa. Augustoren ondorengo enperadoreek eraikuntza handiak jaso eta egokitze lan garrantzitsuak egin zituzten (Tiberio, Kaligula, Neron eta Domizianoren jauregiak; Forumeko atontze lanak; garaipenari opaturiko monumentuak [Tito, Septimo Severo, Trajano]; Panteona berria, Hadrianoren garaikoa eta Erromako lehen eraikuntza gangaduna; Santangello gaztelua bihurtuko zen Hadrianoren mausoleoa). Erromako inperioko monumentu aipagarriak dira anfiteatroak edo jolastokiak (Coliseoa da ezagunena), eta termak edo bainu-etxeak (Neron, Trajano, Karakala, Diokleziano, Konstantino). Dohan zen bi eraikuntza mota hauetarako sarrera. Erroma Europako mendebaleko eta Mediterraneoko hiriburua zen eta milioi bat biztanle zuen Hadrianoren garaian (270). Aurelianok barbaroen erasoetatik babesteko eraikiarazi zuen harresia etruriarrena halako hiru aldiz zabalagoa zen. Bestalde, Klaudioren eta Trajanoren garaian sendotu ziren Ostia eta Portusko portuek ziurtatzen zuten erromatarren itsas merkataritza.  v  Kristautasuna Erroman. Kristauak beren hasierako urteetan egon ziren Erroman: epistola bat bidali zien San Paulok Erromako kristauei eta, tradizio kristau baten arabera, Erroman hil zituzten San Petri, bertako lehen apezpikua, eta San Paulo. II. mendetik aurrera hasi ziren kristauak beren hilerriak (katakunbak) antolatzen. Esetsaldi guztiengatik ere (Neron, Dezio, Valeriano, Maximiano), Erromako bazter eta giro guztietara zabaldu ziren kristauak eta erlijio nagusi bihurtu zen kristautasuna Konstantinoren garaian (313). Hiri kristau bihurtu zuen Erroma Konstantinok, eliza handiak eraikiarazi zituen bertan (San Joan Letrangoa, San Pedro), baina Konstantinopla (Konstantinopolis) hautatu zuen inperioko hiri nagusitzat 324. urtean. Handik aurrera hasi zen Erromako gainbehera. Alarikok hartu zuen 410ean, Atilaren erasopean egon zen 452an, Genserikok eta Rizimerok bipildu zuten 455ean eta 472an, ostrogodoen esku geratu zen 476an, eta 553. urtean Narses-ek Bizantzioko erregeak beretu zuenean, ia ezdeusean zegoen Erroma: 100.000 biztanle baizik ez zen geratzen, jendea Martitzen Zelaian eta Tiber ibaitik bestaldean, Trasteveren eta Vatikanon jarria zen bizitzen; aurreko eraikuntzak utziak ziren askotan, basilika eta eliza berriak zeuden (San Pedro in Vincoli, Santa Maria Nagusia), eta Aita Santuak ziren bertako agintari zibil eta erlijiozko nagusiak. 451. urtean, Erromako apezpikua kristau elizako lehena izatea erabaki zuen Kalzedoniako kontzilioak. Gregorio Handiak (590-604), eliza eta estatu gizon trebe zenak Italiako lurralde indartsuena batu eta osatu zuen. Laster hautsi zituen Erromak Bizantzioko inperioarekiko loturak eta Ravennako exarkerria desagertu ondoren (752), Elizako estatuak antolatu zituen Erromako hierarkia kristauak (756), lonbardiarrei nagusitu zitzaizkien frankoen laguntzaz. 800. urtean sortu zen lehen inperio kristaua, Karlomagno, frankoen erregea, Erroman enperadore izendatu ondoren. Handik aurrera, hiru aginte nagusi bildu ziren Erromara: Aita Santuak eta Elizako hierarkia, Erroma eta Germaniako enperadoreak eta Erromako bertako familia aberatsak (pornokraziako patrizioak, Crescenti, Tusculum, Frangipani, Savelli, Pierleoni, Conti familiak). 1145. urtean, Erromako herria aita santuen aurka altxatu eta senatu bat antolatu zuen, Bresciako Arnaldoren zuzendaritzapean. Frederiko Bizar-Gorri enperadoreak galarazi zuen herri higikunde hau, Bresciako Arnaldo eta beste buruzagi batzuk hil ondoren. Hiru alderdi horien arteko borrokez gainera, aurre egin behar izan zien kanpoko erasoei Erromako hiriak: arabiarrak (846) eta normandiarrak (1084). Inozentzio III.a (1198-1216) eta Bonifazio VIII.a (1294-1303) aita santuen garaian hiri oparoa bihurtu zen Erroma. XIV. mendean, ordea, Avignongo aita santuen auziak (1309), Cola di Renzok aristokraziaren aurka egindako saioak, alferrekoak izan zirenak (1343-1354) eta eliza katolikoko zismak (1378-1417) neurri handi batean ahuldu zuten Erroma berriro. 1420. urtean, 35.000 biztanle baizik ez zituen Erromako hiriak. XV. mendean berritu zen Erroma: hiria berrantolatzeko agindua jaso zuen Bernardo Rossellino arkitektoak eta Sixto IV.aren garaian (1471-1484 urteak; Kapera Sixtina ospetsua eginarazi zuen eta Restaurator Urbis deitu zioten) arlo guztietako artista handiak bildu ziren Erromara. Alexandro VI.aren eta, batez ere, Julio II.aren garaian (1503-1513), Italiako hiri nagusi bihurtu zen Erroma eta Florentziaren lekua hartu zuen, Errenazimentuko hiri nagusi gisa. Rafael, Michelangelo eta ondorengo ikasleen eskutik, artearen hiria izan zen Erroma. Vatikanoko San Pedro egin zen urteetan, Italiako arkitekto handienek egin zuten lan Erroman (Bramante, Peruzzi, Michelangelo, Sangallo) eta bertan eraiki ziren Errenazimentuko eraikuntza ederrenak (Farnese jauregia, villa Borghese, La Farnesina, Kapitolioko plaza). Della Porta, Vignole, Fontana, Maderna, Borromini eta Bernini arkitektoen eskutik etorri ziren Erromako eraikuntza barrokoak (Gesuren eliza, Piazza Navona, San Pedroko plaza, Tritone eta Treviko fontana edo iturriak, Barberini, Montecitorio eta Quirinalgo jauregiak). Bide handiak urratu eta zabaldu ziren (via Giulia, via del Balbuino, Corso) eta Sixto V.aren garaian (1585-1590), aro modernoa arte gorde duen egitura izan zuen Erromak. XVII. eta XVIII. mendeetan, kontraerreformako katolikoen hiriburua izan zen Erroma, eta baita arte eta musika hiri nagusia ere. 100.000 biztanle zituen XVIII. mendean. Frantziako Iraultzaren ondoren, oste frantsesak sartu ziren Erroman (1798) eta Pio VI.a Aita Santuak ihes egin behar izan zuen. Pio VII.ak enperadore izendatu zuen Napoleon Bonaparte 1804ean eta 1808an beretzat hartu zituen Frantziako Inperioak Elizaren estatuak. Napoleonen ondoren, gatazka giroa berritu zen aita santuen eta Italiako liberalen eta nazionalisten artean. 1848. urtean, errepublika ezarri zuten Erroman, baina oste frantsesek aita santuei itzuli zioten agintea urtebete geroago. Frantziako Napoleon III.a aginpidetik kanpo utzi zutenean (1870), Erromarantz abiatu ziren italiar nazionalistak eta hiria hartu, Vatikanoko I. Kontzilioa aita santuak hutsezinak direla onartzen ari zen une berean. Italiarrek Erroma hiriburu izendatu zuten; 200.000 lagun bizi ziren bertan, baina ez zuen behar bezalako azpiegiturarik. XIX. mendearen bukaeran hiri plangintza bereziak abiarazi ziren Erroman eta 1922. urtean Erroma handi berri bat eraikitzen hasi zen Mussolini. 1929ko itunaren arabera (Letrango hitzarmena), Vatikanoko Hiriko Estatua sortu zen. Mussolinik gobernari berezi bat hautatu zuen Erromarako eta lan handiak egin zituen: Agro Romano edo Erromako etxaldeen egokitzapena; Stazione Termini geltokiaren eraikuntza; Esposizione Universale di Roma eta etorkinak jasoko zituen hainbat borgate edo aldiren antolamendua. Bigarren Mundu Gerran Italiako jende askok hartu zuen babesa Erroman. 1943ko irailean, italiarrek eta aliatuek armistizioa izenpetu ondoren, alemaniarrak sartu ziren Erroman eta aliatuen bonbardaketak jasan behar izan zituzten erromatarrek, 1944eko ekainean aliatuek hiria hartu zuten arte. Gerra ondoren, ahalegin bereziak egin ziren Erroma berreraikitzeko. 1957an, bertan sinatu ziren Mendebaleko Europako Ekonomia Elkarterako lehen erabakiak; 1960an, Olinpiar Jokoen egoitza izan zen Erroma, eta 1962-1965. urteetan, katoliko guztien hiriburu bihurtu zuen Vatikanoko II. Kontzilioak.