Departamento de Cultura y Política Lingüística

erreuma

iz. Hezueria.  v  Med. Hezurretako, giharretako eta hauen inguruko egituretako mintzen handitzea ezaugarri duten eritasun multzo bat da erreuma; mina eta gogortasuna dituzte ezaugarri. Erreuma motak bi dira: erreuma sukarra eta erreuma artritisa.  v  Erreuma artritisa. ik. artritis.  v  Erreuma sukarra. Gaixotasun kutsakorra da, estreptokoko hemolitikoak sortua; sukarra igotzen du eta hezur loturak eta bihotza handitzen ditu. Baditu beste ondorio batzuk ere: azaleko gorriuneak, besoen eta hanken nahigabeko mugimenduak, odolgaltzea, ahulezia, argaltzea… 5 urtetik 15era bitarteko umeek eta gazteek izaten dute. Ez dago garbi nola sortzen den eritasuna, baina, dirudienez, gorputzak estrepokoko mota horren aurrean egiten duen alergia moduko erreakzioa da, gai horren infekzio zuzenarena baino gehiago. Estreptokoko hemolitikoa hartzen dutenen arteko ehuneko bi edo hiru dira, gutxi gorabehera, erreuma sukarra dutenak. Penizilina erabiltzen den lurraldeetan, gaixotasun hori ia desagertu egin da XX. mendearen erdialdetik aurrera, baina munduko lurralde askotan eritasun larria da gaur egun ere. Bouillaud-en eritasuna ere esaten zaio.