Departamento de Cultura y Política Lingüística

behazun

iz. Isurkari berdaxka, likatsua eta mingotsa, gibelari etengabe dariona.  v  Behazuna jaria gaia da, gai katabolikoak gorputzetik botatzeko bidea baita; baina iraiz gaia ere bada, digestioan duen eginkizunaren aldetik. Eguneko litro erdi edo litro erditik gora behazun sortu ohi du gibelak; horren parte bat duodenora joaten da behazun bideetatik eta beste parte bat, berriz, behazun ziskura. Behazun-pigmentuak (bilirrubina eta biliberdina), behazun-gatzak, muzina, lezitina eta kolesterola dira behazunaren osagarri nagusiak; behazunaren ur partea desberdina da ziskuko behazuna izan ala gibelekoa, % 84koa baita lehenean eta % 97,5ekoa bigarrenean. Behazunean, horrez gainera, odolean ageri diren beste zenbait osagarri ere badira, bai endogenoak eta bai exogenoak, batzuetan odolean bertan baino proportzio handiagoan. Behazuna odolera iristen denean, ikterizia eritasuna sortzen da.  v  Behazun pigmentua. Biokim. Hildako eritrozitoen hemoglobinak hondatzean sortzen diren gaiez osaturiko pigmentu taldea. Hemoglobinatik sortzen dira, eraztun tetropilorikoa desegin eta hemoglobina sortzen duten taldeak oxidatzearen eraginez. Koleglobina edo berdoglobina da osatzen den lehen gaia, ondoren biliberdina, eta bilirrubina azkenik. Bilirrubina beti dago odolean. Odol hodiak puskatzen direnean eta odola inguruko ehunetara zabaltzen denean ere sortzen dira behazun pigmentuak. Horiekin zerikusia duten beste gai batzuk fikobilinak dira; fikoeritrina eta fikozianina dira horien arteko garrantzizkoenak.