Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskadi literatura saria


 
2001
2000
1999

 

Prentsaurrekoak

 

“EUSKADI” LITERATURA SARIA. EUSKARAZKO LITERATURA. 2002EKO EKITALDIA.

a) Epaimahaia
Jesus Maria Lasagabaster Madinabeitia jauna, epaimahaiburu.
- Igor Estankona Bilbao jauna, epaimahaikide.
- Mikel Garmendia Ugarte jauna, epaimahaikide.
- Gerardo Markuleta Gutierrez jauna, epaimahaikide.
- Eukene Martin Sanpedro andrea, epaimahaikide.
Arturo Garcia Fiel jauna, epaimahaiko idazkari (hautespiderik gabea)..

b) Irabazlea eta sariaren nolakoa
Irabazlea: Itxaro BORDA
Izenburua: %100 basque
Argitaletxea: SUSA

  Zenbatekoa Zertarakoa
Saria 12.020.- €URO garbi Eskuz esku.
3.005.- €URO garbi
Saritutako zein idazleak argitaratutako beste idazlanen berri emango duen katalogoa egin ostean.
3.005.- €URO garbi
Saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratu ahal izatea bideratuko duen hitzarmena sinatu ostean.
Guztira 18.030.- €URO garbi  

c) Epaimahaiak ikusitako meritoak
Epaimahaiak liburu finalisten guztien kalitateaz eta literatura-dimentsioaz luze-zabal hitz egin, eztabaidatu eta iritzi trukaketari ekin ondoren, gehiengoz erabaki du Itxaro BORDAren %100 basques izenarekin idatzitako eta Susa argitaletxean argitaratutako liburuari “Euskadi Saria” ematea.

Liburu honen aurrean, irakurleak ez du aterabiderik izango. Pertsonaiaren beraren bakardade bereziarekin egingo du topo hasiera-hasieratik. Bakardade hori norberaren eta ingurumariaren arteko apurketa mingarri eta era berean bizian oinarritzen da.

Gauza asko kabitzen da orrialdeotan. Guztiak daude, ordea, ipar Euskal Herriarenganako sentimendu gazi-gozo horren zerbitzura. Honako hauek eta gehiago eskaintzen ditu %100 BASQUE-k, aipu filosofikoen bidez zedarritutako atal bakoitzean: kontsumo-gizartearen zutabeak dardararazten dituen kritika, ironia, umorea, gogoeta, irudiak eta abar, irakurlearen konplizitatea eskatu eta lortzen dutenak.

d) Saritutakoari buruzko hainbat datu
Itxaro BORDA, Baionan jaioa 1959en, Nafarroa Behereko Oragarre herrian eman zuen haurtzaroa. Parisen eta Maulen bizi izan ondoren, Baionan bizi da egun. Historian lizentziatua, postaria da ogibidez.

Gazterik hasi zen idazten, Maiatz aldizkari eta argitaletxearen inguruan batik bat. Aldizkari eta argitaletxe honekin ez ezik, harreman estua izan du Susa aldizkari eta argitaletxearekin ere.

Gizarte eta politika arloko eztabaida eta lanetan zuzen-zunean parte hartu du. Aldizkari eta egunkarietan iritzi ugari idatzi izan du eta Seaska, Iparraldeko ikastolen erakundeko presidentea izana da.

Argitaratutako lanak:

Bizitza nola badoan (Maiatz, 1984). Poesia.
Basilika (Susa, 1984). Eleberria.
Emakumeak idazle (Txertoa, 1984). Saioa.
Krokodil bat daukat bihotzaren ordez (Susa, 1986). Poesia.
Udaran betaurreko beltzekin (Txertoa, 1987). Eleberria.
Just Love (Maiatz, 1988). Poesia.
Urtemuga lehorraren kronika (Maiatz, 1989). Eleberria.
Bestaldean (Susa, 1991). Poesia.
Bakean ützi arte (Susa, 1994). Eleberria.
Bizi nizano munduan (Susa, 1996). Eleberria.
Amorezko pena baño (Susa, 1996). Eleberria.
Orain (Susa, 1998). Poesia.
Antologia (Susa, 2000). Poesia. (Koldo Izagirrek apailatua XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman.)
%100 basque (Susa, 2001). Eleberria.
Entre les loups cruels (Maiatz, 2001). Ipuinak bilduma, euskaraz eta frantsesez emana.
Hautsak errautsa bezain (Maiatz, 2002). Poesia.

Itzulitako liburuak:
Allegro ma non troppo (Hiru, 1996, itzulpena.: Bego Montorio. Jatorrizkoa: Urtemuga lehorraren kronika).
e) Saritutako liburuaren ingurukoak

%100 basque
Itxaro BORDA
Susa
Bide handiak zailtasun izpirik ez du,
baina ez da hautatu behar. Amodio eta gorrototik
aska zaitez, orduan agertuko baitzaizu bidea
bere argitasun betean.


Luzaz berant oheratu naiz, haspiturak kateztatu Marcel gaixo hura ez bezala. Hara, ene gaurko ipuina, literatura tradizio finko, ohoretsu eta unibertsalean kokatzen dudala, perpaus soil baten bidez. Beraz, luzaz berant oheratu naiz diot, ez axolakeriaz hainbatetan, bilkuraz bilkura gauak pasaturik, batez ere ezezko ihardespenen ahoskatzen ez dakidalako. Ene inguruan zenbait izugarri abilak dira: Bai erantzun dezakete ozenki, eta Ez egin. Gutxiagotan ordea alderantziz, nahiz eta gure artean faltsu anitz baden, txoria eho eta eskua gordeka ari dena. Ez dut nehoiz trebezia hori ukan, beti hein bat gogoz kontra zorri-zaku itxurako elkarte eta ekintzetan leporaino sartu naizelako, urak daroatzan haritz erraldoietarik haizeak hautsi eta erori abartxoen antzera.

Ez dezaket hargatik erran, gaueko ibilaldi-ihesaldi horiek gozoak ez zirenik: tentsio handiko uneak bizitzen genituen, eta, ardura, aparkaleku abandonatu, anonimo eta zurpail argituetan trukatu hitz ahulek gure izpirituak garbitzen zituzten, itsas aldetik mehatxuz zetozen eurien gisa. Funtsean, batzarretara heltzeko ilunpe haietan usu euri zaparradak pairatzen genituen bide etengabearen haraindian. Loa kausi ezinez, geure buruari maiz eskatzen genion: nola iraun horrela? Suizidio iragarria, planifikatua, homeopatikoa eta patetikoa zen. Eta aho zokoan josirik zebilkigun gasna klikatuaren gustu minberan aurkitzen genukeen ihardespen existentzialaren zati bat.

Oheratu baino lehen, eri artean bihikatu etxe-gasna xerra fin baten irenstea, ogi poxi batez lagundurik, ohitura sakratua bilakatua zitzaidan. Goizeko edozein tenoretan. Non-nahitik itzultzean. Eta aldi oroz egiaztatzen zen gasnaren mirakulua, bilkuran zehar irudiz lasai ihardukitzearen saria bide zen, kristauentzat, herstura eta dolore frankoren lehia zerua zen manera sinple eta errebesean. Itxaropen bat. Muga hel eta gaindi ezina. Lehia saindua. Pentsatzean berean, berregituratze ideologikoak aktibaraziz bihotza uxkail zezakeena. Sariarena alderantziz ere irakurtzen ahal zen bistan dena: astoa aitzinarazten zuen zaldalea izan zitekeen. Kontsolatzen nintzen, neurri batean, bi zangotakoak salbu, astoak abere maitagarriak zirela sinetsiz.

Gasnaren jabetasun psikologikoak bazuen oinarri sozio-kultural indartsua. Urre zuria trumilka ekoizten zen Euskal Herrian. Ikusten ziren, autoko faroen menpean, gaueko horma haboroxienetan, gasna sal-markak %100 BASQUE moldatzen gintuela deiadarkatzen zuten afixak. Beste gasnategi handiak espazio publizitarioak erosten zituen, Basque de Caractère omen zen gasnaren goraipatzeko, mesfidanta, biolentoa eta naturak goastatu produktua zela alegia, euskaldunak garen bezala. Azken hilabeteetan ohartu nintzen harriturik bazela ardi gasna mota bat Qui Parle Basque, molekuletan benetako taraka-taraka mintzaira hegaldaraziz. Nola deklinatzen zen gasna izugarri horren nortasun agiria? Europako sanotasun neurriei egokitzen zena? Frantziako konstituzioaren bigarren artikuluaz zer erran? Zirudienez, euskaraduntasuna ukatzen zitzaigun garaiotan, merkatuaren sigi-saga zirristatsuen artetik gasnak zekarren gure izatearen hondar zigilu zilegia.

Horixe ohorea! Sakoneko egoera baten erakusle propioa! Normalean, irakurle, zuhaurk frogatu ahal izan duzunez, basque hitzaren ahoskatzeak bi ondorio baditu: lehena, irriño trufaria, gorakoia, lurra larruari sobera lotua daukanaren ahalkearen ikurra; bigarrena aldiz haserre gorria, minoritate —beti kanpotik etorria!— ekile baten bekaizkeria, izpiritu hertsikeria, burugabekeria, bortizkeria, atzerakoikeria etengabe salatzearren. Bi jarrera horien erdian, planeta honetako kideen gisa "jendeki" bizitzerik ez geneukala argi zegoen, edozein ordutan estereotipo finkoei moldatzea eskatzen zitzaigulako: artzain moduko basa ona edo goi mailako terrorista trebea. Korronte nahasiek ahazmen osoaren eta gaztigurik karioenaren arteko uretan itoarazten gintuzten. Gasna ote zen gure salbatze eremu bakarra jadanik?
Dioten "euskal gatazkaren" muina bihurtua zen gasna, eta partikulazki ardi gasnaren inguruan eramaten ziren eztabaidak, borrokak eta aterabideak. Esnearen prezioaren apaltzea, haragiaren kutsadura, erremedioen gastuak, hobekuntza genetiko sailak, euskararen galtzea baino zarata handiagoarekin, deitoratzeko manifestaldiak antolatzen ziren, letxeria okupazioak, gehienek irratien bidez hurbiletik segitzen genituenak. Tokian tokiko arrazen —ederrak baina agorrak...— eta animaleko errapeak zituzten nonbaitetik ekarri azienden aldekoak eta aurkakoak ere, lakonikoki, aharratzen ziren Herriko Plazetan, erreboteak odolez ttakatzeraino, mahaietan patxaran botilen hutsak baizik ez zituelarik kalapitariak bereizten, eta mozkorrak hondarrak baketzen. Errateko zuhurki, euskalduntasunarenaz aparte, gasnak biltzen zituela bere mami zuriaren leunean, hemen gaindiko arazo politikoak, ekonomikoak, kulturalak eta psikologikoak batera.

Ez zuen jagoitik balio teoria politikoak itsumandoka orraztatzeak: gasnarik gabe genbiltzan egun eta gauetan, euskaldunak galduak ginen purki. Doloreak jasaten ikasiak ginen, panpox izateko bezala euskaldun jarduteko isilik sufritu behar baitzen baiki, frustrazioengatik irauten, hurbilduko zitzaigun askatasun goiztiria arte esperatzen, baina ezin genuen bazkari edo auhari bat buka gasna ments. Tragedia honek ez zuen bururik ez buztanik. Bizkitartean, otorduan bospasei gasna xerra mehe, hain mehar non zirudien alde bat bakarrik ez zutela, uste zenuen aste batentzat aserik zinela, libertate mikatzaren aitzin-gela gelberetan sartua, hots! Mana sakratua haginetan errauts: gasnak bere gutxitasunean, sosegatzen eta soleitzen zintuen, bekatuaren ildoetan barna suntsitzera utzi gabe.

Pontault Combault eskualdeko ogi zelai usaintsuetan Guermantesko kondesaren atzetik, tarrapataka ibiltzen zen Marcel gaixoaren antzera hasi dut nostalgiaz eta bakardade gastronomikoz hantu ipuin hau, Sarako elizako prediku aulkian, jende beldurtu eta plegatuen aurrean oihuka, bekatuari erdeinu eta uxaka bere denbora pasatzen zuen Axular itzalbakoaren moldean finitzeko. Gasnak idazkera manatzen dit, aldizka, herritar eta mundutar. Gasna, naka-naka irenstean, edozein sukalde ilunetan, lur azaleko nomada guztiekin, ahataraka haurridetzen naiz. Ene debalde izaerak munduko debalde guztiak juntatzen dituenean, inutiltasunaren unibertsaltasunaren ateak jotzen ditut. Eta horrek merezi du Axular eta Prousten hizpideen ezkontzea, ez?

© Itxaro Borda (www.susa-literatura.com-etik hartua)

f) Euskarazko Literaturari dagokion Euskadi Literatura Sariaren finalistak
Euskadi Literatura Sarietako lau epai-mahaiek, aurtengo aldian leen aldiz, eta egileen oniritzia jaso ondoren, saria hauetan finalista diren liburuak ezagutzera ematea erabaki dute. Euskarazko literaturari dagozkion sarian, Euskadi Literatura Saria jaso duen liburuaz gain, hauek izan dira finalistak:

Euskarazko modalitatea (izenburuaren arabera)
TÍTULO AUTOR EDITORIAL
Amodioa batzuetan MADARIAGA, Juan Ramon BBK
Lagun izoztua SARRIONANDIA, Joseba ELKARLANEAN
Sartu, korrontea dabil ROZAS, Ixiar EREIN

f) Aurreko ekitaldietako irabazleak
(1997) Epaltza, Aingeru, Tigre ehizan, Elkarlanean.
(1998) Juaristi, Felipe, Galderen geografia, Alberdania.
(1999) Lertxundi, Anjel, Argizariaren egunak, Alberdania.
(2000) Oñederra, Lourdes, Eta emakumari sugeak esan zion, Erein.
(2001) Saizarbitora, Ramon, Gorde nazazu lurpean, Erein.


Euskadi Literatura Sariak 1982an eratu ziren

 

“EUSKADI” LITERATURA SARIA. HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 2002KO EKITALDIA.

a) Epaimahaia
- Karlos Linazasoro Izagirre jauna, epaimahaiburu.
- Asun Agiriano Altuna andrea, epaimahaikide.
- Antton Irusta Zamalloa jauna, epaimahaikide.
- Manu Lopez Gaseni jauna, epaimaikide.
- Lourdes Unzueta Zamalloa andrea, epaimahaikide.
Arturo Garcia Fiel jauna, epaimahaiko idazkari (hautespiderik gabea).

b) Irabazlea eta sariaren nolakoa
Irabazlea: Miren Agur Meabe
Izenburua: Itsaslabarreko etxea
Argitaletxea: Aizkorri

  Zenbatekoa Zertarakoa
Saria 9.015.- €UROs netos Eskuz esku.
2.103.- €UROs netos
Saritutako zein idazleak argitaratutako beste idazlanen berri emango duen katalogoa egin ostean.
2.103.- €UROs netos
Saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratu ahal izatea bideratuko duen hitzarmena sinatu ostean.
Guztira 13.221.- €UROs netos  

c) Epaimahaiak ikusitako meritoak
Euskadi Literatura Sarietako epaimahai honek, finalistatzat jo zituen idazle guztien lanen kalitateaz eta literatura-dimentsioaz luze-zabal hitz egin, eztabaidatu eta iritzi trukaketari ekin ondoren, aho batez honako hau erabaki du:

2002. urteko “Euskadi” literatura saria, haur eta gazteentzako euskarazko literaturari dagokiona, Miren Agur MEABE andreari ematea, Itsaslabarreko etxea izeneko liburua idazteagatik.

Aizkorrik argitaratutako lan horrek badu, epaimahai honen iritziz, nahikoa meritu esandako saria eskuratzeko. Horien artean honako hau litzateke azpimarragarrien:

Gazteentzako genero-nobela bat izanik, berariazko ekarpenak egin ditu egileak, horien artean: prosa joria, landua eta poetikoa; eta nobela gotikoaren legeak zorrotz betetzea, hala nola, giro misteriotsua, izua eta ezusteko bukaera. Aldi berean, dotore jakin du intriga hori gazteen giroan txertatzen: lehen amodioa, bizitza eta heriotzaren arteko kinka, koadrila-harremanak, eta abar.

Saririk jasoko ez badu ere, epaimahaiak, aipamen berezia egin nahi dio Josu PENADES-i, Ibaizabal argitaletxean kaleratu duen, Iluntzero elkarrekin liburuan erakusten duen bere prosaren poetikotasunagatik eta bere egituragatik.


d) Saritutakoari buruzko hainbat datu
Miren Agur Meabe, Lekeition jaio zen, 1962an. Magisteritza (giza zientziak espezialitatea) ikasketak burutu sitúen eta Euskal Filologian lizentziatua da.
Urtetan irakaskuntzan lan egin zuen, Bilboko Kirikiño Ikastolan. Azken urte hautan argitalpen-zunzendaritzaz eta kudeaketaz arduratzen da Giltza-Edebe taldea argitaletxean; besteak beste, testuliburuen koordinazio eta orrazketan aritzen da.

Hainbat literatur genero landu ditu: ipuina, poesia, iritzia-artikuluak, itzulpena (haur literaturan gaztelera-euskara itzulpenak).

Hainbat sari irabazi ditu, hala nola, Lasarte-Oria Udala poesia saria (1990), Imajina ezazu Euskadi poesia arloko saria (1997). “Azalaren kodea” poesia lanagatik 2000. urteko Kritika Saria irabazi zuen.

Argitalpenak:

Uneka…gaba . (Labayru 1996)
Oi, hodarrezko emakaitz! (Labayru 1999) (Idatz&Mintz 29. aldizkariaren separata. Olerkiak).
Azalaren kodea. (Susa 2000) Poesia
Itsaslabarreko etxea (Aizkorri 2001) Haur eta gazte literatura

e) Saritutako liburuaren ingurukoak
Joanak atzera begiratu du hamasei urte zitueneko uda gogoratzeko. Oroitzapen guztiak idatzi ditu bere koaderno morean. Halaxe jakingo dugu nola hasi zen idazten, nola maitemindu ziren Alain eta bera, bere pentsabideak eta sentimenduak, nola aurkitu zuen itsaslabarreko etxea eta hari buruzko kondairak eta esamesak…

Ez zuen uste Joanak mehatxu handia zutela zelatan, eta bere bizitzako unerik zoriontsuenak tragedia bihurtuko zirela laster.

g) Haur eta gazte literaturari dagokion Euskadi Literatura Sariaren finalistak
Euskadi Literatura Sarietako lau epai-mahaiek, aurtengo aldian lehen aldiz, eta egileen oniritzia jaso ondoren, saria hauetan finalista diren liburuak ezagutzera ematea erabaki dute. Haur eta gazte literaturari dagozkion sarian, Euskadi Literatura Saria jaso duen liburuaz gain, hauek izan dira finalistak:

Haur eta gazteentzako literatura (izenburuaren arabera)
IZENBURUA EGILEA ARGITALETXEA
Amodioaren gazi-gozoak ARANA, Aitor IBAIZABAL
Auskalo igarkizun eta aho-korapiloak OLASO, Xabier PAMIELA
Galtzerdi suizida LANDA, Mariasun ELKARLANEAN
Iluntzero elkarrekin PENADES, Josu IBAIZABAL
Thailandiako noodle izugarriak CILLERO, Javi ALBERDANIA

h) Aurreko ekitaldietako irabazleak
(1997) Atxaga, Bernardo, Xola eta basurdeak, Erein.
(1998) Zubizarreta Dorronsoro, Patxi, Gizon izandako mutila, Pamiela.
(1999) Igerabide, Juan Kruz, Jonas eta hozkailu beldurtia, Aizkorri.
(2000) Juaristi, Felipe, Animalien inauteria, Erein.
(2001) Karlos Linazasoro, Bota gorriak, Anaia-Haritza.


Euskadi Literatura Sariak 1982an eratu ziren.